Ekialdeko Barrutiko hautesleak definitzen eta finkatzen dituen errolda berria onartu dute
Ekialdeko Barrutiaren egoitza Harrobieta plazan dago.Donostiako Udala Hautesle Erroldaren Bulegoak onartu du Ekialdeko Barrutiari (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) dagozkion erroldaren eta hauteskunde mahaien banaketa aldatzea, “hiru auzo horietako bizilagunek emandako botoak eremu geografiko horretara berariaz mugatzen direla bermatzeko”, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, “Ekialdeko Barrutiko Batzordeak berak egindako eskariari erantzunez”.
Udalaren arabera, aldaketa horrekin, saihestuko dute “Ekialdeko Barrutian bizi direnen botoak eta eremu horretatik kanpo bizi direnen botoak nahastea”. Izan ere, 2020ra arte, hiri osoko emaitzak hartzen ziren kontuan Ekialdeko Barrutiko Batzarraren ordezkaritza politikoa zehazteko, non auzo elkarteek eta erakunde sektorialek ere ordezkaritza duten. Urte bereko urtarrilean, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan lortutako botoen arabera talde politikoak izendatzeko araudi organikoa aldatzea onartu zuten udalaren osoko bilkuran.
2023ko udal hauteskundeetan aplikatu zuten aldaketa, baina udalak aitortu duenez, “Ekialdeko Barrutiko Batzarreko ordezkari politikoak eta haien lehendakaritza izendatzeko emaitza horien aplikazioak agerian utzi zuen ez zirela behar bezala zenbatzen Ekialdeko Barrutian bizi diren pertsonen botoak: Ekialdeko Barrutian kokatutako hauteslekuetan, mahaien banaketa zela eta, bertatik kanpo bizi zirenek eman zezaketen botoa. Eta alderantziz ere bai, hau da, Barrutitik kanpoko hauteslekuetan bozkatzea tokatzen zitzaien auzotarrak”. Hain zuzen ere, EH Bilduk “iruzur saiakera zantzuak” salatu zituen horren harira, eta zalaparta sortu zen.
Horrela, Ekialdeko Barrutiko Batzarrak, Egituraketa lantaldearen bitartez, Donostiako erroldaren zatiketaren aldaketa bultzatu zuen 2024an, eta orain onartu du Hautesle Erroldaren Bulegoak. Udalak gogorarazi du, hala ere, aldaketek ez dutela hautesleku aldaketarik ekarriko barrutiko biztanleentzat, “aldaketak mahaien banaketari soilik eragiten baitio”.
