Gipuzkoa Basketek hamaika partidatik hamargarrena irabazi du
Ibaeta Basketek, berriz, galdu egin du Gaskan, eta Bera Bera nagusitu da Morvedreren pistan. Realeko mutilek eta neskek garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte.
Gipuzkoa Basketen eta Cartagenaren arteko partida.Lehen FEB maila Goraldia bizi du Gipuzkoa Basketek. Jokaturiko azken hamaika neurketetatik hamar irabazi dituzte, eta sailkapeneko bosgarren tokian daude. Larunbatean, Cartagena hartu zuten mendean, partida txukuna eginda (64-84). Hogei puntuko aldeak erakusten du Sergio Garciak zuzenduriko taldearen maila eta momentua. Javi Nicolau izan zen donostiarren jokalari onena. Bestalde, Ibaeta Basketek ezin izan zuen behar den moduan ospatu Lara Gonzalez kapitainaren errekorra. Izan ere, 282. partida jokatu zuen donostiarrak, baina irabaztetik urrun ibili zen taldea. Jairis kontra amore eman zuten (53-72).
Eskubaloian, Bera Berak garaipen on batekin eten zuen azken hiru porroten galera. Morvedreren pistan partida ona jokatu zuten, eta aise nagusitu ziren (14-28). Sailkapenean aurretik dituen bi taldeek ere ez zuten hutsik egin; Kanaria Handiak eta Atletico Guardesek. Dena dela, lidergoa puntu baten bueltan dago, donostiarrek 29 puntu dituztelako, liderrak baino bat gutxiago.
Futbolean, txuri-urdinen asteburua izan da, Realeko maila goreneko bi taldeek irabazi dutelako —baita mutilek bigarren taldeak ere—. Gizonezkoen lehen taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuten Anoetan, Elxen kontra (3-1). Kafearekin eta ronarekin ospatu zituzten hiru puntuak. Orri Oskarsson aurrelariari eskainitako abesti edo ereserki berriak erabateko oihartzuna izan du. Bad Bunny-ren kanta batean oinarriturikoa izateak are xelebreago bihurtzen du. Kontuak kontu, txuri-urdinek etzi San Mamesen jokatuko duten kopako finalerdietako joanekorako soinu banda izango dute, taldearen joko mailarekin eta bolada onarekin batera. Aldiz, emakumezkoen Realak kopako galera irauli zuen ligan. Egun gutxiren buruan, berriz ere, Badalona izan zuten aurkari Zubietan, eta, oraingoan, merezita menderatu zituzten (2-0).
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Ibaeta Basket 53 – Jairis 72
Gizonezkoen bigarren maila, 19. jardunaldia
- Cartagena 64 – Gipuzkoa Basket 84
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 18. jardunaldia
- Morvedre 14 – Bera Bera 28
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala 3 – Elx 1
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Reala 2 – Badalona 0
