Loiolako Erriberako lursailean auzotarrentzako ekipamenduak eraikitzea lehenetsi du PPk
EAJk eta PSE-EEk etxebizitza politikan duten "koordinazio eza" salatu du Borja Corominas popularren bozeramaileak.
Ana Morales eta Borja Corominas, Loiolako Erriberako lursailean.PP Alderdi Popularrak ez du aukera galdu Loiolako Erriberako lursail batek sortu duen eztabaidan sartzeko. EAJ eta PSE-EE ez daude ados eremuan eraikiko diren zuzkidura etxebizitzekin kopuruarekin. Imanol Pradales lehendakariak 400 izango dela iragarri zuen, baina Denis Itxaso Etxebizitza sailburua kritiko agertu zen agintari jeltzalearekin, eta 200 etxebizitza eraikiko dira gogorarazi zion.
Borja Corominas popularren bozeramaileak, berriz, bi aukerak baztertu ditu. Ana Morales legebiltzarkide popularrarekin izan da gaur, Loiolako Erriberako lursailean. Zuzkidura etxebizitzak baztertu, eta leku horretan auzotarrentzako ekipamenduak eraikitzea lehenetsi du. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen eraikina aipaturiko partzelara lekualdatzea proposatu du. Dena dela, aukera hori Itxasok baztertu zuen pasa den astean, Andia kaleko eraikina birgaitzeko asmoa duelako Jaurlaritzak.
Proposamenak proposamen, Corominasek jeltzaleek eta sozialistek etxebizitza politikan duten “koordinazio eza” salatu du: “Prezioek gora egiten jarraitzen dute, eskaintzak ez du gora egiten eta erabakiak atzeratu egiten dira. Erantzukizunak hartu beharrean gaitzespenak egitera mugatzen dira. Lidergo eta koordinazio falta horrekin inork ez du erabaki argirik hartzen, eta ez dago definitutako etxebizitza proiekturik, batez ere, gazteentzat eta familientzat”.
