Aizepe elkarteari pintura gorria bota dio Ernaik, «jarrera matxista eta baztertzaileak» salatzeko
Parte Zaharreko Ernaiko taldeak “irmoki” salatu du Aizepe elkarteak kide bat kanporatu izana: “Ez dugu onartzen gaur egungo gizartean oraindik ere jarrera matxista eta baztertzaileak dituzten elkarteek tokirik izatea”. Horretarako, pintura gorria bota dute elkartearen atean, eta pankarta bat iltzatu dute.
“Emakumeen aurkako diskriminazioa sustatzen duten elkarteek ez dute lekurik Alde Zaharrean”, esan du Ernaik. izan ere, gogoratu dutenez, Aizepe elkarteak emakumeei bazkide izatea, sukaldean sartzea eta danborradan parte hartzea debekatzen die, hirian azken jarrera hori indarrean mantentzen duen elkarte bakarra izanik.
Azpimarratu dute Aizepe ez dela emakumeak sukaldean sartzen uzten ez dituen elkarte bakarra, eta horrek “are larriago” egiten du egoera, gazte abertzaleen hitzetan: “Halako praktikek ezin dute onarpenik izan, ez gure auzoan eta ez beste inon”. Auzoan “libre, berdintasunean eta inolako bazterkeriarik gabe” bizitzeko aldarria egin du Ernaik, eta egoera horren aurrean “erantzun” bat ematera deitu dute.
Kide baten kanporaketa
Hedabide honek argitara eman duenez, Ibon Sarasola Monzon donostiarra “behin betiko” kaleratu du elkarteak, emakume bat sukaldean sartzen utzi ostean. Aizepe elkarteko zuzendaritza batzordeak bere bertsioa helarazi dio hedabide honi, eta, horren arabera, “arauak eta bizikidetza haustea, hainbat bazkideri errespetu falta, difamazioa, jokabide ez zintzoa eta desegokia…” izan dira bazkidea kaleratzeko arrazoiak, “benetan larriak”.
1924an sortua, Donostiako elkarte gastronomiko beteranoenetako bat da Aizepe, eta bere estatutuetan espresuki jasotzen du soilik gizonak izan daitezkeela bazkide, eta, baita ere, emakumeak eta haurrak soilik sartu daitezkeela elkartean barne araudian zehaztutako data, egoera eta baldintzetan. Gogoratu behar da, bestalde, elkarte horretakoa dela soilik gizonezkoak onartzen jarraitzen duen danborrada bakarra; hain zuzen ere, 2026ko San Sebastian egunean, Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileetako kideak gonbidatu zituzten elkartearen danborradara.
Sarasolak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, 2024ko amaieran utzi zion emakume bati elkarteko sukaldean sartzen: “Familia bazkari bat nuen, eta beheko solairuan nengoen, bazkaria prestatzen. Jaitsi zen emakumezko senide bat, eta galdetu zidan ea laguntzerik zuen. Nik banekien emakumeak ezin direla sartu sukaldera, baina ez nion eragozpenik jarri. Nolabait, suminaldi bat eduki nuen: ‘Zergatik ezingo dira emakumeak sukaldera jaitsi?’. Jaitsi, eta lagundu zidan xerra bat ogi birrindutan pasatzen”.


