Arte galeriek «borrokan» jarraituko dute, arte salmenten «BEZa murriztu arte»
Cristina de la Fuente (Arteko arte galeria) eta Rita Unzurrunzaga (Ekain arte galeria), artxiboko irudi batean.Beñat Parra Espainiako Arte Garaikideko Galerien Partzuergoak deituta, greba egin zuten joan den astean estatuko arte galeria ugarik, astelehenetik larunbatera ateak itxita mantenduz. Artista eta arte galerien artelanen salmenten BEZa murriztea izan da aldarrikapen nagusia, eta horrekin bat egin dute Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteko (DAGGE) galeria guztiek. Horietako bi dira Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak eta Groseko Arteko, eta grebarekin “pozik” agertu dira Rita Unzurrunzaga eta Cristina de la Fuente.
Nabarmendu dutenez, ekintzak “oihartzun handia” izan du Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako hedabideetan: “Jendeak jakin ahal izan du desabantailan gaudela, Europako gainontzeko herrialdeekin eta gainontzeko kulturgile eta kultur promotoreekin alderatuta, BEZ kulturala txikiagoa delako beste herrialdeetan”, azaldu du Unzurrunzagak.
Hain zuzen ere, De la Fuentek gogorarazi duenez, Europako Batasunak 2022an onartutako araudia aplikatuz —joan den urtetik dago indarrean—, artelanen eta bildumarako objektuen salerosketen BEZa %5aren eta %10aren artean utzi dute Europako estatu ugarik, baina Espainiakoak %21ean mantendu du: “Horregatik, arte galeriei asko kostatzen zaigu artistak promozionatzea, logikoki, bildumazaleak Europako beste herrialde batzuetara doazelako, artista beraren obra bera askoz merkeago erosi dezaketelako”.
Erantzunik ez
Galeristak pozik agertu dira egindako grebarekin eta izan duen oihartzunarekin, baina deitoratu dute Espainiako Gobernua oraindik ez dela beraiekin harremanetan jarri: “Hori dela eta, estatuko galerien kontsortzioak bilera batera deitu gaitu, aurrera begirako mugimenduak antolatzeko. Ez dugu borrokatzeari utziko BEZ kulturala murriztu arte”, nabarmendu du De la Fuentek.
