«Donostia hiri segurua da, eta segurua izaten jarraitu behar du»
Jon Insausti alkateak dio "gardentasun ariketa" bat dela Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri ematea.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala EAJren eta PSE-EEren arteko beste talka bat sortu du Jon Insausti alkateak atzo iragarritako neurriak. Ertzaintzaren antzera, Donostiako Udaltzaingoak ere atxilotuen jatorriaren berri emango du. Sozialistek diote “aurreiritziak handitzeko” balioko duela, eta beste hainbat udal talde ere kritiko agertu dira neurriarekin.
Horren inguruan galdegin diote Insaustiri Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian, eta harturiko erabakia berretsi du: “Donostia hiri segurua da, eta segurua izaten jarraitu behar du. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen atxilotuen jatorriaren berri ematea, bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko. Guk ere hori egingo dugu, eta jatorriaren datuak ere modu gardenean emango ditugu. Uste dut kultura politiko ona dugula, eta gardentasunak diskurtso batzuk desaktibatzen ditu”.
Horrekin batera, Euskal Poliziaren modeloa indartzearen alde agertu da; “bi oinarri dituena, segurtasuna eta hurbiltasuna”. Ildo beretik, aipatu du Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean aritzen direnean, “segurtasunak hobera” egiten duela. “Datuek hori diote, eta Donostian ere gertatzen da. Lankidetza horren aitzindaria da Donostia, eta, horregatik, Egian komisaria bateratu bat jartzea aurreikusten dugu”. Hain zuzen ere, atxilotuen jatorriaren berri ematea lankidetza horren “beste urrats bat” dela nabarmendu du.
Neurriaren kontra agertu direnei, berriz, mezu bat helarazi nahi izan die: “Norbaitek alternatibaren bat badauka, aurkeztu dezala”.


