Etxebizitzaren Behatokia sortu du udalak, «beharrak antzeman eta konponbideak proposatzeko»
Etxebizitza hutsei dagokienez, udalak kanona kobratzea baztertu eta soilik ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ) aplikatuko du.
Etxebizitzak Donostian.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak Etxebizitzaren Behatokia sortu du hiriko etxebizitza premien “benetako erradiografia” lortzeko eta donostiarren etxebizitza arazoari “erantzun zehatzak” emateko neurriak proposatzeko. Jon Insausti alkateak eman ditu behatoki horren xehetasunak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa agerraldian.
“Gizartea azkarrago aldatu da hiria baino, eta egokitu behar dugu. Eraikitako hiria aldatzea garrantzitsua da”, azaldu du alkateak. “Dagoeneko martxan dauden hirigintza garapen batzuk bizkortu ditut, datozen urteetan Donostian 10.000 etxebizitza gehiago egon daitezen”, gaineratu du. Horrez gain, eraikitako hirian “jardun” behar dela esan du: “Azken hamar urteotan etxebizitza berrien %20 erabilera aldaketei eta bereizketei esker sortu dira. Tresna horiez gain, berrikuntza, kudeaketa modu berriak eta esperientzia alternatiboak behar ditugu eraikitako hiria aprobetxatzeko”.
Momentuz, Etxebizitzaren Behatokia datuak biltzen ari dela adierazi du Insaustik. Hain zuzen ere, etxebizitza kopurua areagotzeko aukerak aztertuko dituztela nabarmendu du, hainbat ardatzen eta lan lerroen bidez.
Bereizteko aukera
Behatokiak 130 metro koadrotik gorako hainbat etxebizitza identifikatu ditu, bi etxebizitzatan edo gehiagotan banandu daitezkeenak. “Banaketarako gutxieneko tamaina murriztea erabakiko balitz, etxebizitza gehiago sortzeko aukerak asko handituko lirateke”, adierazi du alkateak, “jabearen nahia, higiezinaren beraren mugak edo komunitatearen baimena bezalako baldintzak errespetatuz betiere”.
Lokalak etxebizitza bihurtzea
Azterlan beretik ondorioztatu du behatokiak 35 metro koadrotik gorako beheko solairuko lokal ugari daudela egun hirian. Gainera, mota horretako lokal asko ez dira erabiltzen gaur egun.
Goi solairuetako jarduerak
Etxebizitzetako goiko solairuetan 35 metro koadrotik gorako jarduerak antzeman dituzte —odontologia, psikologia eta beste hainbat ofizioren kontsultak—, bizitoki eraikinetan hainbat hutsune mota okupatzen dituztenak. Gehienak, Erdialdean, Grosen eta Antiguan daudela ondorioztatu du behatokiak. Era berean, auzo horietan, hainbat lokal huts daude beheko solairuan, eta teorikoki lekuz alda daitezke.
Etxebizitza hutsak
Horrez gain, etxebizitza hutsetan ere esku hartzea proposatzen du behatokiak. Insaustik gogorarazi duenez, “egitasmo gehiago bultza litezke etxebizitza hutsak ahalik eta gehien murrizteko”. Behatokiarekin arabera, Donostian 2.500 etxe huts inguru daude. “Non dauden jakin nahi dugu, eta aztertu zergatik dauden hutsak”, azaldu du alkateak.
Udalak etxebizitza hutsei kanona ezartzeko aukeraren inguruan galdetu diote Insaustiri, eta egungo zerga mantenduko dutela esan du: “Donostiako ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ) erabiltzen du. Kanona duten udalerriak ez dute OHZ, eta, alderantziz. Bi tasak bateragarriak diren aztertu dugu, eta zerbitzu juridikoek aukera hori baztertzeko esan digute. Eraginkorrena da OHZ, gainera %150eko errekargua du gure hirian, altuena”.
Eraikin hutsak
Behatokiak dio Donostian eraikin ugari daudela hutsik edo laster egongo direla, eta hiriak benetan behar dituen erabilerak har ditzaketela. Hau da, egoitza bizitokiak, era askotakoak: mota guztietako etxebizitzak, adinekoentzako eta ikasleentzako egoitzak, langileentzako bizitokiak, eta bestelako bizitoki alternatiboak —esaterako, cohousing-a—.
Bestalde, komentuak eta ikastetxeak etxebizitza helburuetarako erabili behar direla zehaztu du behatokiak, eta ez turismoko helburuetarako. “Hezkuntzara bideratutako eraikin batzuk hutsak geratuko dira, eta beste ikastetxe publiko batzuek bat egingo dute hirian. Eraikin horiekin zer egin aztertu beharko dugu. Etxebizitzak edo ekipamenduak izan daitezke”, esan du Insaustik.
Arkupe hutsak
Eraikigarritasun muga dela eta, aprobetxatuta ez dauden espazio hutsak ere aipatzen ditu behatokiak. Hiriko hainbat auzotan hutsik dauden arkupeak dira; hala nola, Intxaurrondon, Aieten, Antiguan, Egian, Loiolan eta abar. Espazio horiek hutsik daude eraiki zirenetik. Udalak eraikigarritasun handiagoa emango balu, espazio huts horiek etxebizitza bihur litezke (tasatua, alokairuko etxebizitza, eta abar).
Hirugarren sektoreko industrialdeak
Behatokiak jasotako datuen arabera, hirugarren sektoreko erabilerako industrialdeak eraldatzeko aukera aipatu dute. Leku horietan etxebizitza erabilerak egotea ahalbidetu dezake. Alkateak Zuatzu jarri du eredu gisa. “Eremua berrantolatu daiteke, jarduera guztiak albo batera eraman, eta libre geratzen den gunean etxebizitzak eraikitzeko”.


