Illarrako etxebizitza garapenarekin aurrera egiteko «konfiantza» du udalak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bigarrenez ebatzi du eremuari dagokion hiri antolamendurako plan orokorra aldatu behar dela.
Illarrako etxebizitza berrien simulazioa. Donostiako Udalak Illarra (Ibaeta), Villa Ereski (Munto), deposituak (Munto) eta Erregenea (Igeldo) eremuen hiri antolamendurako plan orokorra aldatu beharko du, dagoeneko eraikitzen hasi diren etxebizitzen planaren aurrera jarraitzeko. Horrela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, bigarrenez. Izan ere, 2024an partzialki baliogabetu zuen eremu horietako HAPOaren aldaketa. Besteak beste, babesturiko etxebizitza kopurua %40tik %75era igotzea eskatu zuen.
Orain, orduko epaia behar bezala ez betetzea egotzi dio udalari, eta, 2025eko uztaileko osoko bilkuran harturiko erabakia baliogabetu du. HAPOa lehen epai horretara egokitzeko dokumentua onartu zuen udalbatzak. Udalbatzarreko erabaki horri esker hasi ziren Illarrako 250 etxebizitzak eraikitzen.
Kontrako bigarren epaiaren aurrean, Jon Insausti alkatea “kezkatuta” agertu da, “gurpilean makilak ari direla” uste duelako: “Garapen urbanistiko bat abian jartzean, horrelako gatazkak sortzeak kezkatzen nau. Illarrakoa da horren eredu”. Horrela ere, lanekin aurrera jarraitzeko, udalak “konfiantza” duela gaineratu du, “udaleko zerbitzu juridikoek ondo jokatu dutela diotelako, Illarrako garapena 2024ko epaira egokituz”.
Hain zuzen ere, udaleko zerbitzu juridikoak bigarren epaia aztertzen ari dira. “Epaileari epaia azaltzeko eskatu diogu, udalari ez behartzeko plan orokorraren beste aldaketa bat izapidetzera, etxebizitzen garapena bi urtez atzeratuko lukeelako”, deitoratu du Insaustik.
Bigarren epaiaren harira, Ezker Anitzak Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu zuen atzo. “Interes orokorrak ez zaintzea eta gutxi batzuen negozioa erraztea”, leporatu dio udal gobernuari Ezker Anitza alderdiko kide eta Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotzi Arantza Gonzalezek.


