Loiolako Erriberan «argazki konpartitu bat» lortuko dela uste du Insaustik
Lursailean eraikiko dena Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostuko dela gaineratu du.
Imanol Pradales eta Jon Insausti pasa den astean, Loiolako Erriberan.EAJ Etxebizitza kopurua gorabehera, EAJren eta PSE-EEren artean sorturiko tentsioa baretzearen alde egin du Jon Insausti alkateak. Loiolako Erriberako lursail batean eraiki beharrekoak piztu zuen ika-mika. Batez ere, Insaustik partzela Imanol Pradales lehendakariarekin bisitatu zuenean.
Leku horretan, 400 zuzkidura etxebizitza eraikiko zirela esan zuen Pradalesek. Berehala, ordea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak haren iragarpena kritikatu, eta Loiolako Erriberako lursailean 200 etxe eraikitzeko aurreproiektua dagoela gogorazi zion. Are gehiago, pasa den asteko ostiralean, agerraldia egin zuen Itxasok The Social Hub gunean, aurreproiektu horren xehetasunak emateko.
Gaur, astelehena, Insaustiri ika-mikaren inguruan galdetu diote, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Lasai agertu da alkatea, eta sorturiko tentsioa baretzen ahalegindu da. “400 edo 200 etxebizitza… garrantzitsuena da partzela horretan bulegoak eraikitzea zegoela aurreikusita, eta ez da horrela izango”, nabarmendu du. Horrela, lursail horretan eraikiko dena Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostuko dela esan du: “Elkarlanean sinesten dut, eta seguru nago argazki konpartitu bat lortuko dugula”.
Dena dela, bi alderdien desadostasunaren garrantziaz galdetzerakoan, aurpegi serioa jarri du Insaustik: “Sorturikoa zarata baino ez da niretzako. Gainera, udalak sortu ez duen zarata da. Zalapartak aparte utzita, soluzioak behar ditugu”.
Bestalde, Loiolako Erriberako eremu horretan ekipamenduak ere aurreikusten direla gogoratu du Insaustik. “Hori aipatzea ere garrantzitsua da, Loiolako Erribera bukatu beharreko auzo bat delako”, gaineratu du.


