Oztopoak oztopo, aurrera jarraitu eta bidea urratzea
Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira, Emakumeak Zientzian egitasmoa aurrera eramaten ari dira. Antolatutako jardueren artean, Aranzadi Zientzia Elkarteko lau emakume zientzialariren ibilbidea ezagutzeko aukera izan zuten hilaren 5ean egindako 'Aranzaditarrak' ekimenean.
Emakumeak Zientzian egitasmoaren barruan egin zuten mahaingurua. Maitane Aldanondo Zorroagan dago Aranzadiren egoitza azken urte luzeetan. Hori jakin eta haren barruan ere izango ziren asko, denetariko arrazoiak tarteko, dela mikologia galdera bat, dela eklipse baten behaketa dela hitzaldiren bat… Hilaren 5eko arratsaldean, 30 bat lagun batu ziren Emakumeak Zientzian egitasmoaren barruan antolatutako Aranzaditarrak jardueran. Otsailaren 11n, gaur, ospatzen den Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko egunari lotuta, elkartearen egoitza eta gorputza osatzen duten zenbait emakume zientzialariren bizipenak ezagutzeko parada izan zuten.
Eguraldi kaskar eta ezatseginari aurre eginez heldu ziren muino gaineko eraikinera hasiera ordua zen 18:00en aurretik. Babesean eta goxo hartu zituzten zenbait kideren harreraren ondoren, areto nagusira bidea erakutsi zieten. Han elkartu ziren eta artean hutsik zeuden bost aulkiei aurrez aurre eserita. Ez zuten hala gehiegi iraun, ordea. Izan ere, mahai inguruaren aurretik, egoitza, eta bide batez elkartearen historia, ezagutzeko bisita egin baitzuten.
Anais Rodiguez artxibozainak agurtu eta beharrezko azalpenak eman zizkien, elebitan. 1947an eratua, gizonezkoak nagusi izan dira sorreratik. Pentsa, lehen 35 bazkideen artean, bi besterik ez ziren emakumezkoak. “Erakunde nahiko maskulinizatua gara sorreratik, eta horri buelta ematen saiatze ari gara, aurrerapausoak ematean”, aitortu zuen Rodriguezek. Egun, hamahiru departamentuetan diharduten langileen artean oreka badago ere, 2.000 bazkideei dagokienean, aldea oso nabaria da gizonezkoen alde.
Lehen egoitza izan zuten San Telmo museoan egondako beira arasetan jasotako arrokak, eskeletoak, tresnak, hezurdurak, euskarazko lehen planisferioa (eta bakarra)… Ate, korridore eta bulego bakoitzean zer dagoen jakin zuten bidean. Telesforo Aranzadi, Barandiran, Gomez de Yarena, Elkano… Gizonezkoen izenak izan ziren nagusi, baina hori beste historia bat da, saioko protagonistak beste batzuk baitziren.
Sentipenak eta galderak
Ordu erdi geroago abiapuntura bueltan, mokadutxo bat eskaini zieten partaideei: patata tortilla, gailetak, kafea… Mahaien inguruko solasaldi laburretatik mahai ingurura zubia egin zuen Aranzadiko komunikazio arduradun Olatz Ezeizak. Egitasmoa eta alboan zituen lau emakumeak aurkeztu zituen lehenik. Botanika saileko zuzendari Maria Azpiroz, urpekaritza arkeologikoan aritutako Ana Maria Benito, Geologia saileko zuzendari Arantza Bodego eta eskola garaitik Aranzadiko bazkide den Silvia Huercanos arkeologoa. Denak elkarteko boluntarioak dira aspalditik —Azpirozek bertan lan egiten du—, Huercanos, esaterako, eskola garaitik.
Zientzia gizonezkoak nagusi diren eremua izanda, ibilbidean izandako zailtasunetatik ekin zioten ordu eta erdi inguruko mintzaldiari. Bakoitzak bere bideari erreparatuta erantzun zuen. Gipuzkoan urpeko arkeologian aritutakoak gutxi badira, haien artean gutxiago dira emakumezkoak. Horietako bat izan da Benito. 1980tik lan egiten du Aranzadin eta Getariako Iturritxiki aztarnategia izan du proiektu nagusia. Emakume bakarra bazen ere, bera zen espedizioaren burua eta beti oso babestuta sentitu dela aitortu zuen. “Ez dut inoiz atzera egin, beti aurrera”. “Marroi” asko ematen omen zizkioten, dena onartzen zuelako. “Ez naiz diskriminatua sentitu, zailtasunak garaiak, aztarnategiak, egoerak edo lanek ekarri dituzte”.
Jarraian, elkarteko bi sailen arduradunek hitza hartu zuten. Azpiroz Botanika saileko arduraduna eta Aranzadiko langilea da. Zortzi laguneko taldean zazpi emakumezkoak dira, eta elkar laguntzen ahalegintzen direla azaldu zuen. Kudeaketari begira dihardute ikerketari baino gehiago, eta hor administrazioarekin aritzea egokitzen zaie. Zenbaitetan kontuan hartu ez dutela eta “paternalismoa” sentitu du. Halaber, “kupoa betetzeko” telebista saio batera joateko “emakume bat” eskatu zieteneko pasadizoa ere gogoratu ekarri zuen.

Bodego, berriz, Geologia saileko burua da. Boluntario gisa dabil, eta lanean, EHUn irakasle dihardu. 2018an eman zioten zuzendaritza, eta hausnarketa interesgarri bat egin zuen: “Badaude kargu edo lan batzuk beste inork egin nahi ez dituena, lan asko eta aitortza gutxi, edo batere ez, ez dutelako”. Unibertsitatean departamentua parekidea bada ere, bere ezagutza eremuan bost gizonezko ditu kide. Ez du diskriminaziorik sentitu, bai, ordea, bere ideiak kontuan hartu ez direla. “Sailera ideia bat idatziz bidali, kasurik ez egin, eta gizon batek gauza bera esatean ‘zein ideia ona’ erantzutea. Zergatik ez naute serio hartzen?”. Horrez gain, proiektu baten proposamena jaso zuenean kide baten kexa entzun behar izan zuela ere kontatu zuen.
Hala ere, bizipen gordinena Huercanosek adierazi zuen. Arkeologia ikasi ondoren, museologia eta ondarearen kontserbazioari lotutako ikasketekin osatu, eta bide horretan jardun zuen. Gaztea zela, monumentuen birgaitze proiektu baten proiektu baten arduradun izendatu zuten eta horrek polemika sutsua piztu zuen. Ondokoa galdetzeraino: zer egiten du emakume batek eta horren gazteak ardura horrekin gizonezkoen mundu batean? Are gehiago, inguruan zebiltzan gizonezkoek ez zuten aldamioetara igotzerik nahi;baina ohitu beste erremediorik ez zuten izan. Beste gertakari ezatseginik ere bizi izan du. Esaterako, sartzeko aukerarik gabe, atean utzi zuten bilera batean esan zioten “emakume izateagatik ez nuela merezi”. Edonola, txanponaren beste aldea azken lanpostuan egokitu zitzaion: hiru hautagaietatik emakumezko bakarra zen eta berari eman zioten.
Pasioa helduleku
Konplizitatez begiratzen zioten elkarri, buruarekin baietz esan eta aurpegietan nabari zitekeen entzuten ari zirena ez zitzaiela arrotza. Zientziak guztien bizitzan leku oso garrantzitsua izan du, eta horrek lagundu die beti erraza izan ez den bidea egiten. Benitok modu ezin argiagoan bota zuen. Dena izan da bere bizitzan, bokazionala, eta erretiroa hartua badu ere, jarraitzen du. “Bestela, hil egingo nintzateke. Nire bizitza da. Garai haietan oso gogorra izan zen, baina orain asko gozatzen dut. Oztopo asko izan genituen, uzteko modukoak, baina oso saiatua naiz eta horri esker aurrera jarraitu dut”. Bat etorri zen Bodego zientzia bizimodu gisa definituta. Ordu asko eman behar zaizkio, etengabe erakutsita horretarako balio duzula. “Ez emakumeek soilik, nahiz eta guk pixka bat gehiago”.
Asko ematen duen moduan, kendu ere egiten al du zientziak? Zeri uko egin behar izan zioten jakin nahi izan zuen Ezeizak. Bodegok tesi garaian “galdutako parranda orduak” erantzun bazuen ere, baina berehala ñabartu zuen bere erantzuna. “Nahi dudan lekuan nago, nire lana asko gustatzen zait, soldata duina dut, nire denbora kudea dezaket… Balantzan jarrita, merezi izan dit”. Antzeko bidetik jo zuen Huercanosek ere, aztarnategietan igarotako oporraldiak eta lanak behartuta egindako 21 etxe aldaketak aipatuta.
Ibilbidean lorpenak izan dituzte lauek eta horiek ere poztu eta asebete dituztela argi utzi zuten solasaldian zehar. Lau zientzialari horiek ezagutzeko aukera gutxi balitz, Azpirozek beste bati egin zion lekua: Maria Salaberria. Botanikan aritutakoa, gizonezkoen itzalean gelditu zela azaldu zuen. “Lauzpabost gizonen taldeetan lan egiten zuen, lan interesgarriak ditu, baina bera ez da asko aipatu”. Senideekin elkartu nahi dute, Salaberriari buruz gehiago jakin eta bere lana eskertzeko.


