Realak lehen errondan bete nahi du kopa
Txuri-urdinen eta Athleticen arteko finalerdietako joanekoa jokatuko dute gaur, San Mamesen (21:00).
Jon Martin erdiko atzelari txuri-urdina, Athleticen eta Realaren ligako partidan.Reala Denboraldiko hirugarren derbia jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek. Laugarrenaren atarikoa izango da. Oso bestelakoa, ligako bi neurketekin alderatuta. Espainiako Kopako finalerdietan topo egin dute, aspaldiko partez, eta finalera iristea izango dute jokoan. Lehen erronda gaur aterako dute, San Mames zelaian, 21:00etatik aurrera. Ikusteko dago zeinek betetzen duen kopa, finalerdietako joanekoan.
Reala sasoi puntu eta emaitzen bolada onean iritsiko da Athleticen gotorlekura. Duela gutxi neurtu zituzten indarrak berdegune berean, eta berdinketarekin bukatu zen lehia (1-1). Epaileak desorekatu zuen balantza zuri-gorrien alde. Braisi txartel gorria adierazi zion, ustez Paredesi zaplazteko bat eman ziolako. Bitxia bada ere, galiziarrak gaurko neurketa jokatu ahalko du —zigorra ligan beteko duelako—, eta bilbotarrak, berriz, ezin du —kopako aurreko kanporaketan egotzi zutelako—.
Bi taldeen deialdiek agerian uzten dute hutsune esanguratsuak izango direla. Pellegrino Matarazzok 24 jokalariz osaturiko deialdia osatu du. Kanpoan geratu dira min hartuta dauden Sucic, Barrenetxea, Zakharyan, Kubo eta Ruperez. Baita Marrero ere, aste honetan taldearen entrenatzen ari den arren. Sartu ez den beste bat da Karrikaburu, momentuz, entrenatzailearen konfiantzarik ez duena. Aldiz, Agirre gaztea sartu da —Sucicen hutsunea betetzeko—, eta bigarren taldeko Ochieng eta Diaz gazteek ere lekua irabazi dute. Folgado atezaina ere deialdian da, Realarekin kontratua luzatu berritan.
Ernesto Valverdek, berriz, nahi baino jokalari gutxiago izango ditu aginduetara. Sancet, Vivian, Berenguer eta Yuri ez dira deialdian sartu. Ondorioz, zuri-gorriek bigarren taldeko hiru gazteri eman diete aukera: Monreal, Duñobeitia eta Eder Garcia —Realaren harrobikoa—.


