Lucas Egibar eta Alvaro Romero Olinpiar Jokoetatik kanpo gelditu dira
Snowboardcross probako finaletik kanpo geratu dira biak. Egibar lurrera bota dute final-laurdenetan, eta Romero final-zortzirenetan kanporatu dute.
Lucas Egibar donostiarra, Livignoko pistan. Donostiako lehen bi ordezkarien partaidetza ez da esperotakoa izan Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan. Gaur lehiatu dira snowboardcross proban Lucas Egibar eta Alvaro Romero, eta ezin izan dute finalera iritsi, Livignoko pistan.
Egibarrek izan ditu gertuen finalerdiak, baina bere multzoan zorte oso txarra izan du. Nathan Pare estatubatuarrak lurrera bota du bihurgune batean, eta aukerarik gabe geratu da. Lauko multzo horretako irabazlea Pare bera izan da, baina deskalifikatu egin dute Egibarri lehian jarraitzea eragozteagatik. Azkenean, multzo horretako beste biek lortu dute finalerdietara sailkatzea, Loan Bozzolo eta Jonas Chollet frantziarrek.
Romerok, berriz, final-zortzirenetan esan behar izan dio agur lehiari. Egibarren multzo berean aritu da, baina hirugarren iritsi da helmugara, bigarren izan zen Egibar beraren atzetik. Bozzolo frantziarrak irabazi du lasterketa hori, eta Adam Lambert izan da laugarren sailkatua.


