Musikaren erritmoan margoturiko obra aurkeztu du Arantxa Gereñok
Arantxa Gereño artista, Ekain Arte Lanak galerian bere obra aurkezten. Xalba Ramirez Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galeriak Arantxa Gereño artista donostiarraren paper lan piktorikoan sortutako Tempoan bilduma aurkeztu du gaur. Erakusketa honetan, mundu begetal, “arin eta zurrumurru baten erreferentziekin”, artisau paperean eta poliester gainean, tintaz eta akuarelaz, olio pastel margoak eta gouche margoak erabiliaz sortutako zenbait lan aurkeztu dituzte.
Tituluak musika “iradokitzen” du. Izan ere, Gereñok azaldu moduan, musika klasikoa entzuten margotzen du. “Denetarik, baina gogokoena Mozart da”, onartu du. bere lanean lasaitasunaren eta kargaren arteko harremana hobe ulertu daiteke honela.
Obra bat egiterako orduan ez du aldez aurretik pentsatzen zer nahi duen. Ordea, lan batean ateratzen diren formak hurrengo lanetan garatzen ditu, bere obren arteko elkarrizketa bat garatuz. Formak lekuz mugitzen dira, honela, erakusketan zehar.
Gereño Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta artea modu autodidaktan ikasi eta jorratu du. Badute, ordea, bere lanek zerbait kartografikoa. Erdi Aroko mapak dirudite lan batzuk. “Ez zait gustatzen jendeari zer pentsatu behar duen azaltzea; zuri hori iruditu bazaizu… primeran!”, dio irribarretsu. Artistaren esanetan, ikusleak bere burua “hezi” behar du eta bere “sentsibilitate propioa” garatuz.
Bere arte-lana hainbat mostretan erakutsi izan da, eta talde erakusketa anitzetan parte hartu izan du, horien artean, 2015ean Paisaiaren Murmurioa Koldo
Mitxelenako erakusketa aretoan. Martxoaren 21 arte egongo da ikusgai lana.


