Bestelako zientzia baten alde diharduen sarea
Hamar urte bete ditu Emakumeak Zientzian egitasmoak, eta sorrerako lan ildoei lotuta, zenbait ekarpen garrantzitsu egitea lortu du. Aurrerapausoak, ordea, ez dira nahikoa izan; horregatik, aurrerantzean landu beharreko bide orria ere zehaztu dute arduradunek.
Aurtengo egitarauaren aurkezpeneko irudi bat.Emakumeak Zientzian NBEk 2015ean izendatu zuen otsailaren 11 Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta horren harira, bi urte geroago, Emakumeak Zientzian egitasmoa sortu zuten, Nanoguneko ikerlari talde baten kezketatik abiatuta. Izan ere, emakumezkoak oso gutxi izateaz gain, dozena bat ikerketa lerrotan bakarra ere ez zegoen ardura postuetan. Haiei batu zitzaizkien, DIPCko, Materialen Fisika Zentroko eta Biomaguneko kideak ere, programa komun bat gauzatuz. «Bazegoen taldetxo bat elkartu ohi zena kafe baten bueltan emakume zientzialari gisa zituzten kezkei buruz hitz egiteko. Ildo desberdinetatik zeozer egiteko beharra sentitzen genuen», gogoratu du DIPCko komunikazio eta dibulgazio zientifikoko teknikaria den Amaia Arregi Buldainek.
Hasierako helburuetako bat emakume zientzialariei ikusgarritasuna ematea zen, zientzia ikasketetan agertu ohi den guraize efektua mozteko: hasieran emakumezko pila bat badaude ere, desagertzen joaten dira. Faktore ugari badaude ere, urteotan ondorioztatu dutenez, bizitza pertsonalarekin uztatzeko ezintasunak pisu handia du. «Sakrifizioa hain handia bada, beste zerbait egitea erabakitzen dute. Gainera, askotan, karga handiagoa dute lanetik kanpo ere», zehaztu du Arregik.
Beste funtsezko xede bat eredu faltari erantzutea zen. Ikasliburuetan emakume zientzialari bakarrenetakoa da Marie Curie. Hura aldarrikatuta, beste batzuen bizitza eta jarduna azaleratu dute. Hori da Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur proiektuaren oinarria. Arregiren esanetan, horren bidez, lehen ez zegoen «genealogia bat» osatu dute, «autoestimua indartzen duena». Halaber, emakumezko zientzialari askori eman diete ahotsa ikerketa zentroetara egindako bisitetan, baita ikastetxeetara joanda ere. Aurten, halako ehun egin dituzte.
Proposamen berri bat
Urteotan gauzatutako jardueren bidez, zientzialariaren estereotipoarekin —gizonezkoa, zuria, heldua— hautsi eta beste errealitate batzuk islatu dituzte. «Proposamen berri bat» egin dute, nahi duten zientzia eta sistema zientifikoa gizarteratuz: «Inklusiboa eta denon parte hartzearekin». Zientzia talde lana izanik, askotariko profilak behar dira, ikuspegi eta bizi esperientzia desberdinek ikerketa aberasten baitute.
Emakumeak Zientzian egitasmoak jasotako erantzuna «oso ona» izan da, inpaktu sozial esanguratsuarekin. Hala nola 260 jarduera baino gehiagoren bidez, 50.000 pertsonengana iritsi da modu zuzenean; 34 euskal zientzia eta teknologia erakunde batu ditu eta erakunde publikoen babes zabala lortu du; eta urtero, 300dik gora boluntariotik parte hartzen dute. Gainera, hiriburuetatik harago zabaldu da: aurten, 70 jardueretako batzuk beste hamar udalerritara heldu dira.
50.000 pertsonengana iritsi da, 34 euskal zientzia eta teknologia erakunde batu ditu eta erakunde publikoen babes zabala lortu du
Aurre egin behar izan dioten erronka handiena «bidean hil gabe» proiektua handitzea izan da. «Lau katu baginen antolakuntzan, nola egiten duzu hamar aldiz handiagoa den egitasmo bat?». Idazkaritza tekniko eta koordinazio talde mugikor bana —kideak aldatzen doaz— eratu zituzten, lan karga demokratizatu eta proiektua bideragarri egiteko.
Hain zuzen ere, Arregik nabarmendu duenez, egitasmoaren lorpen handienetako bat emakumezko eta gizonezko aliatu oso potenteekin ehundutako sarea da. «Uste dut behar bat zegoela eta horregatik saretu dela hain azkar. Gogoa zegoen honetarako, eta gogotsu jarraitzen dugu». Talde «oso dinamiko eta konprometitua» eratu izanak ahalbidetu du egindako guztia, baita «ate eta leiho batzuk ireki, eta aire freskoa sartzea erakundeetan». 2017tik, nahitaezkoa da ikerketa zentroek berdintasun plana izatea, eta horrek, barne lanketa prozesuak ekarri ditu, indarkeriaren aurkako eta sexu erasoen protokoloak osatzeko, baina baita kontziliazioari edota erakundearen kulturari dagokienean ere.
Aurrera begira
Hamarkada urratuta, aurrera begira ere jarri da Emakumeak Zientzian, eta etorkizunean jarduteko manifestu bat aurkeztu zuten asteazkenean Aquariumean egindako ekitaldian. Bokazio sustapenari eutsiko diote, baita emakumezkoen eta kolektibo azpi ordezkatuen parte hartzea bultzatzeari ere. Gainera, produktibitate informatiboaren gainetik, ikerketa sarituko duen ebaluazio sistema baten alde egin, eta era berean, ibilbide profesional inklusiboak eta bizitza erritmo jasangarriak bermatuko dituen zientzia aldarrikatuko dute.
Halaber, «berdintasunaren instrumentalizatzetik eta partaidetza sinboliko hutsaletatik» aldenduz, sortu duten elkarlanerako eta elkar zaintzarako sarearen bitartez lanean jarraituko dute, jende berriari bideak ireki eta inguru eroso bat eskaintzeko.


