Donostiako inauteriak: «Zoro festa», bertso eta debekuen historia bat
1927ko inauterietan karroza eta kabalgadak izan ziren hirian. RICARDO MARTIN / KUTXATEKA XIX. mendean, inauteria ezagutzera etorri zen paristar batek hala esan omen zuen: «Donostia zoro herri bat da. Hiru egun horietan pertsona bat bakarra ezagutu dut benetan formala, hainbateko eromenaren erdian geldi eta serio: danbolinteroa». Halaxe omen ziren gure inauteriak, Nizakoekin ere konparatzen zituztenak, eta hortik, «kaxkarin» izengoitia. Baina zein bilakaera izan zuten?
Antropologo askoren arabera, landa eremuko inauteriek udaberriari, izurriteei eta inauste sasoiari buruzko errituak irudikatzen dituzte. Eremu urbanoko inauterietan, ordea, transgresioa baino, «errepresentazioa» dagoela ziurtatzen du Juan Antonio Antero ikerlariak. Errepresentazio horretan, eralde eta konpartsek gizarteko pertsonaia eta, batez ere, ofizioak hartu zituzten omentzeko gaitzat. 1816tik 1879ra, ondorengoak izan dira hiriko eraldeak, besteak beste: Estudiantina, Valentziako itsuak, Arzagoikia, Jardizayak, Jostunak, Andaluziar ijitoak, Zapatariak, Italiar eta turkiar kaldereroak, Langile Maisuak, Manoloak, Pelegrinoak eta Inudeak.
Kabalgadek ere tradizio luze-luzea dute hirian. 1891tik aurrera honakoak izan ziren, besteak beste: Atso Zalditeria, Chocolates Matias Lopez Fabrika, Haurren karroza, Nekromanteen karroza, Txinako musika, Toki-agintariak, Japoniar musika, Zulatzaileen taldea, Kaka jarioen batailoia, Neptunoren karroza, Hungariar kaldereroak, Iñudeak eta Artzaiak, Arteen Alegoria, Ilargiko biztanleen ohiturak eta Irutxulo eralde handia.
Etxegarai, garaiaren kronikagilea
Herri kultura guztietan nola, Donostiako inauteriek musika eta poesia lotzearen bertutea dute. Garaiaren kronika egiteaz gain, bertsolariek balio eta ohiturak transmititzeko testuak egiten zituzten, baita ospakizunetarako poemak ere. XIX.mendeko hiriaren kronikagile garrantzitsuenetako bat izan zen Jose Bizente Etxegarai (Parte Zaharra, 1773-1885) –San Bizente elizan bataiatua, bere anaien moduan, izenean jasoz santua–. Haren bizitzari buruzko xehetasunak ez dira ugariak, baina Jose Manterolak esandakoak ondo laburtu dezake: «Etxegarairen hilobian, beste idazle askorenean bezala, egiaz idatz daiteke: poeta izan zen; pobre bizi eta hil zen».
Etxegarai urte askoan izan zen Donostiako alondegiaren administratzaile, eta Merkataritza Batzordean ere aritu zen lanean, bi lanpostuetan bere eginbeharrak «benetako kontzientziaz eta zorroztasunez betez». 40 urtez izan zen Etxegarai Donostiako gertakariak bertsotan jasotzearen arduradun. 1814tik 1853ra, hain zuzen. Gabon kantak idatzi zituen hiriko parrokietarako, eta bereak dira, halaber, inauterietako konpartsa eta eraldeentzat egindako kantu gehienak. Antonio Zabalak 1964. urtean, Jose Bizente Etxagarayren bertso bilduma argitaratu zuen Auspoa sailean, Festara izenburupean –Etxegarai, Etxagaray eta Etchagaray gisa idatzi izan da–. Bertan daude jasota haren 60 bertso sorta.
Honakoa idatzi zuen, esaterako, Arzagoikoa eralderako, hiria erre eta lau urtera: «Guazen, artzayak, guazen, andreak, / ekus dezagun erriya, / auxe bera da billatzen degun / erretako Donostiya. / ¡Au jende ederra eta alegria! / ¡au jantziyaren garbiya! / ezta ezagun mayorazkua, / ezta ere nekazariya». 1830ean, Langille Maisuben eralderako idatziriko honek ere herritarren batasuna erakusten du: «Beti pakean, beti naikeran / Donostiako jendia, / nola egunean ala gabean / atsegin da ekustia: / Iñauteriyan ez da ezagun / nor dan zarra, zeiñ gaztea, / giza-semea, emakumea, / aberats edo pobrea».
Sokamuturrari lotuta
Inauteriak sokamuturrari estuki lotuta egon ziren: San Sebastian egunetik inauteriak amaitu arte, jaiegun orotan hiru bider egiten omen zen. 1570. urteko kronika batean jada aipatuta agertzen da tradizioa. Donostiarrentzat berebiziko garrantzia zuela erakusten du 1815ean, hiria kiskali eta bi urtera, Plaza Berriko hondakinetan ospatu izanak. Eta ez hori soilik. Hiriari zeharo lotuta zegoen, baita ere, gauetan ateratzen zen «cecen-suzkoa». Honentzat sorturiko kantak 140 urte pasatxo ditu: «O, Donostiako zezen-suzkoa / izan zaitez zorionekoa».
1890eko inauteriekin, Donostiako jaien gainbehera hasi zela diote garaiko kronikek. Honakoa zioen El Gipuzcoano egunkariak otsailaren 17an: «Hau badoa, bai; ez dugu zalantzarik. Eta are bizkorrago joango da, gure aisialdi elkarteek ez baitituzte suspertzen jaiak antolatzeko ekimenak, garai batean ia Nizako inauterietako jai ospetsuen adinako distira izan zuten jaiak, alegia». Victoriano Iraola bertsolariak ere hiriko inauterien handitasuna nabarmendu zuen: «Ara arzayak, ara andreak, / emen gera Donostiyan, / iñauteriaz kantatutzera / gure hizkera eztiyan; / ez dira iru erri izango / beren jatorrez agiyan, / choku onekiñ konparatzeko / zeru urdiñen azpiyan».
Kronika fatalisten iragarpenak agintarien debeku eta trabekin zerikusia izan zuten, baita ere. Sokamuturraren debekua, lehenik –danborrada lau urtez hiritik urrundu zuena!–, eta geroago, frankismoak ezarritako inauteri guztien debekua. Agintari frankistek baldintza zehatz eta berri batzuen gainean utzi zituzten ospatzen San Sebastian eguna eta inauteriak, soilik hiriko elkarte gastronomiko prestigiotsuenei baimenduz, noski. Herritarren espresio «zoro» izateari utzi, eta neurritasunaren barruan asmatu zen, orduan, tradizioa.
Euria egin du ordutik, eta tradizio berriak asmatzen doaz, eta Añorgako Dibertimendutik hasita, Altzako Eltze Festaraino, inauteriak jada ez dira ikuskizun soil, eta, badute errepresentaziotik haratagoko zerbait. Etxegarairen bertso hau berreskuratu genezake egun hauetarako: «Biba ostegun gizen, / biba iñauteriya, / biba Jardiñeruak, / biba Donostiya, / biba pobre ta aberats /munduko guztiya». •


