Eraiki beharrekoarekin ados jartzea dagokie
Loiolako Erriberako lursail batek EAJren eta PSE-EEren arteko talka eragin du. Leku horretan, 400 zuzkidura etxebizitza eraiki nahi dituzte jeltzaleek. Aldiz, 200 etxe baino ez direla kabitzen diote sozialistek. Kontuak kontu, auzotarrekin hitz egin beharko dute.
Imanol Pradales lehendakaria eta Jon Insausti alkatea Loiolako Erriberako lursailean, pasa den astean.EAJ Etxebizitza falta da arazoa, eta alderdi askoren abagunea. Iragarpenak eta kopurua gorabehera, Loiolako Erriberako lursail batek ika-mika sortu du EAJren eta PSE-EEren artean. Pasa den astean, Imanol Pradales lehendakariak eta Jon Insausti alkateak partzela bisitatu zuten, eta han 400 zuzkidura etxebizitza eraikiko zirela adierazi zuen Pradalesek. Berehala, ordea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak haren iragarpena kritikatu, eta lursail horretan 200 etxe eraikitzeko aurreproiektua dagoela gogorazi zion. Are gehiago, pasa den asteko ostiralean, agerraldia egin zuen Itxasok The Social Hub gunean, aurreproiektu horren xehetasunak emateko. Ordurako, tonua jaitsi eta adostasuna lortzeko borondatea erakutsi zuen sozialistak. Gauza bera egin zuen asteartean Insaustik, udaletxeko prentsa aretoan.
Lasai agertu zen alkatea, eta sorturiko tentsioa baretzen ahalegindu zen. «400 edo 200 etxebizitza… garrantzitsuena da partzela horretan bulegoak eraikitzea zegoela aurreikusita, eta ez da horrela izango», nabarmendu zuen. Horrela, lursail horretan eraikiko dena Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren artean adostuko dela esan zuen: «Elkarlanean sinesten dut, eta seguru nago argazki konpartitu bat lortuko dugula».
Dena dela, bi alderdien desadostasunaren garrantziaz galdetzerakoan, aurpegi serioa jarri zuen Insaustik: «Sorturikoa zarata baino ez da niretzako. Gainera, udalak sortu ez duen zarata da. Zalapartak aparte utzita, soluzioak behar ditugu». Bestalde, Loiolako Erriberako eremu horretan ekipamenduak ere aurreikusten direla gogoratu zuen alkateak. «Hori aipatzea ere garrantzitsua da, Loiolako Erribera bukatu beharreko auzo bat delako. Horretarako, auzotarrekin hitz egingo dugu», gaineratu zuen.
Aurreproiektua
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Loiolako Erriberako lursail horretarako landu duen aurreproiektua aurkeztu eta defendatu zuen Denis Itxasok, pasa den astean. Horretarako, proiektua diseinatzeaz arduratu diren Ortega Diago arkitektura estudioko bi ordezkari izan zituen alboan; Armando Diago eta Gonzalo Sanchez.
«Zuzkidura bizitokiak eta ekipamenduak eraikiz garapen orekatua lortzea bilatzen du planteamenduak; horrekin batera, beharren programa zehaztuko duen partaidetza prozesu bat egingo dugu», azaldu zuen Itxasok. Horrekin batera, sailburuak esan zuen «aurreproiektua lehen hurbilketa bat» dela, eta, ondoren auzokideek parte hartzeko eta hauei entzuteko prozesu bat egin beharko dela: «Prozesu horretatik abiatuta, hainbat alderdi finkatuko dira, hala nola bizitokien kopuru zehatza eta ekipamenduetarako espazioen eta horien erabileren ezaugarriak, auzoaren beharren arabera».
Lehen zirriborro horretan erabilitako parametroetan, lantalde teknikoek, lan hipotesi gisa, 200 bizitoki eraikitzea planteatu dute. «Hiri antolamendurako plan orokorrean aurreikusitako eraikigarritasuna errespetatzeko», nabarmendu zuen Itxasok. Era berean, kultura eta komunitate erabileretarako ekipamenduak —8.000 metro karratu bitarte— eraikitzea aurreikusi dute. «Teknikoki babestutako zifrak dira, eta aurreproiektuari testuinguru bat ematen diote auzotarrei proiektua auzoan nola integratzen den ikusteko aukera emanez, partaidetza prozesua baldintzatu gabe», azaldu zuen Itxasok. Gainera, sailburuak bere gain hartu zuen «udalarekin eta auzo elkartearekin programa definitzeko lanean hasteko konpromisoa; hala izan behar baitu».
Epeari dagokionez, Itxasok esan zuen uda baino lehen abiaraziko dutela partaidetza prozesua, baldin eta Etxebizitza Sailak lursaila hilabete honetan jasotzen badu. «Urte honen amaieran egon gaitezke proiektua eta obra lizitatzen, obrekin 2027an hasteko», gaineratu zuen.
Beste 83 etxebizitza
Bestalde, sailburuak nabarmendu zuen Loiolako Erriberan proiektatutako beste 83 zuzkidura etxebizitza daudela, hauek ere Etxebizitza Sailak sustaturikoak. «Erreferentziazko proiektu gisa balio izan dute, auzoak bizitoki mota horiei nola erantzuten dien ulertzeko eta benetako beharrak zehaztasun handiagoz identifikatzeko aukera eman baitute. Aurretiazko azterketak bat datoz etxebizitzen hazkundea inguruaren benetako edukierara egokitzeko premian, eraikuntzaren, espazio libreen, ekipamenduen eta zerbitzuen arteko oreka bermatuz», azaldu zuen Itxasok.

