Iraganeko borrokaren ildotik, urrats bat gehiago egiteko asmoz
Aiete Ikastetxearen eskaintzari jarraipena eman, eta kopuruan hazten ari diren nerabeek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza auzoan bertan ikasteko aukera izatea nahi dute.
Aiete Institutua Bai kolektiboko zenbait kide, astelehenean, Lantxabe auzo elkartearen bulegoan egindako bileraren ondoren. Maitane Aldanondo Duela hogei urte, Aieteko familiak elkartu, eta gogor borrokatu ziren Aieteko Eskola lortzeko. Hamarkada bat geroago, lehen harria jarri zuten, Haur eta Lehen Hezkuntza ezarrita. Orain, berriz, egungo gurasoek hartu diete lekukoa, oinarri horren gainean, zikloa ixteko asmoz. Izan ere, auzoan bertan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) ikasteko aukera emango duen institutua erdiesteko bide bera egiteko prest daude.
Horretarako, Aieteko Institutua Bai kolektiboa eratu dute ikastetxeko zuzendaritzak, guraso elkarteak, Eskola Kontseiluko gurasoek eta Lantxabe auzo elkarteak. Azken eragile horrek, bereziki, auzoko beste azpiegitura batzuk lortzeko aurrera eramandako prozesuetan duen eskarmentua gainerakoen eskura jartzen du. Iazko maiatzean lehen bilera bat egin zuten eta irailetik aurrera, bi astean behin elkartzen dira Aiete parkeko Topalekuan Lantxabe auzo elkarteak duen bulegoan. Urtarrilean, eskola kontseiluak eskaera formala egin zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, besteak beste, hurrengo aurrekontuetan txertatu eta Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoan lehentasunezko ekimen gisa jaso dezan.
Asteleheneko topaketan beren aldarria zabaltzeko moduez aritu ziren luze eta zabal kolektiboko zenbait kide. Pankartak, afixak, balkoietan jartzeko banderolak… Zer, non eta nola jarri. Gainera, asteazkeneko guraso elkartearen bileran gaia nola jorratu ere hizpide izan zuten. Aldarria kalera ateratzeaz gain, udal taldeekin bilerak egiten hasi dira, eta asmoa mozio batean jasotzea da.
Orain arte, ikastetxearen inguruan eta auzoan ezagutarazi dute beraien nahia, esku orriak hainbat txokoetan banatuz eta jarriz, Whatsapp bidez zabalduz edo hezkuntza arloko erakundeetara bidalita. Erantzuna ona izaten ari dela uste dute. Horrez gain, Aieteko ikasleak hartu ohi dituzten Peñaflorida-Usandizaga eta Luberri institutuetan izan dira eta haiek ere harrera ona egin diote ideiari. Kolektiboko kide den Kristina Perezen esanetan, «gaindituta» daude. «Hedabideetan ikusten ari gara ikasle faltagatik ixten dituztela ikastetxeak, baina ezkutuan geratzen da institutu publikoen errealitatea, erabat masifikatuta daudela». Are gehiago, azken egunetan jakinarazi dute Peñaflorida institutuaren eraikinari solairu berri bat gehituko diotela.
Helburua 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen hezkuntza jarraitutasuna bermatzea da, beren auzoan bertan geldituta
Hazten doan beharra
Hezkuntza Sailaren azterketek berresten dutenez, DBH ikasteko eskaria «zabala eta iraunkorra» da auzoan, haur eta nerabeen kopuruak gora egin duen auzoa baita. Hain zuzen ere, udalaren webgunean eskuragarri dauden datuen arabera, 2024an, 0 eta 19 urte artean, 2.947 biztanle zituen auzoak; Antiguan, adibidez, 1.990 ziren.
Aiete ikastetxeari jarraipena emango lioke institutuak. Lerro bakarra izateko sortu bazen ere, hamar ikasmailen gehienetan bikoiztuta dago, hogei gela posibletik hamazazpi dituzte. Baina eskolak lekurik ez du, adibidez, musika gelan ez dira sartzen eta Haur Eskolan itxaron zerrenda dute. Izan ere, nahiz eta inguruan ikastetxe pribatu eta itunpeko asko egon —Axular Lizeoa, Jesuitinak, San Patrick’s eta Deutsche schule— eskola publikoaren matrikulazioek gora egin dute, eta Jesuitinak-en itxierak eskola publikoaren antzeko segmentu sozialetan eskaria handitzea ekarriko dutela uste dute.
Egoera hori izan zen institutuaren aldeko mugimenduaren iturburua. Haur Hezkuntzako delegatuekin izan zuten bilera eta «ez zitzaien gaizki iruditu», baina beste pauso bat ematen saiatu zirenean, oztopoak etorri ziren: «Dirurik ez dagoela, beharrik ez dagoela, ez dutela ikusten…».
Jesuitinak, begiz jota
Laburbilduz, helburua 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen hezkuntza jarraipena bermatzea da, beren auzoan bertan. DBH publikoaren eskaintzarik ez izateak, auzoko nerabeak hainbat institututan banatzera behartzen ditu, ondorioz, sendotutako taldeak hausten dira, baita joan-etorri eta ahalegin gehigarriak eragin ere. Gainera, auzoarekiko pertenentzia sentimendua eta kohesio soziala ahul daitezke. Hezkuntza jarraipena bermatzeaz gain, ikastaldeen arteko loturak sendotu, hiriko eskola publikoa indartuko luke.
Ikasleentzat ere aldaketa handia izaten dela nabarmendu du ikastolako zuzendaritzako kideak. «Egia da gure eskola txikia dela, umeak oso artatuta daude, goitik behera ezagutzen ditugunak. Institutuaren eredua oso desberdina da». Horrez gain, esperotako onurei dagokienez, hiriko sare publikoaren eremua zabaltzearekin batera, kalitatezko hezkuntza hurbila eta eskuragarria bermatuko die ikasle eta familiei, kohesio soziala indartuko du eta lidergo pedagogikoa, bikaintasuna eta ekitatea ekarriko.
Azken erabakia Hezkuntza Sailarena bada ere, udalari dagokio horretarako lursaila erabakitzea. Beharra agerikoa dela uste duten moduan, argi dute ere zein den hura asetzeko leku aproposena: Jesuitinak ikastetxearen egoitza zena. «Aukera horrek hezkuntza jarraitutasuna bermatuko luke, ikasleen eta familien arteko loturak sendotuz eta Donostiako eskola publikoaren sarea indartuz». Zaharberritutako eraikina da, egun, hutsik dago, eta hura aprobetxatzea nahi dute.
Nahia erdiesteko, funtsezkotzat jo dute herritarren inplikazioa, eta auzokideak, familiak eta hezkuntza komunitateko kideak mobilizatzera deitu dituzte, «erronkari elkarrekin aurre egiteko».



