Kargu hartu dio EH Bilduk Insaustiri Ekialdeko Barrutiaren egoeraren harira: «Urte galdua izan da»
Mikel Osinalde, Garbiñe Alkiza eta Zigor Etxeburua Ekialdeko Barrutiko EH Bilduren ordezkariak, udaletxeko prentsa aretoan. Maider Artola EH Bilduk kezkaz bizi du Ekialdeko Barrutiaren egoera, eta udalaren jarrera kritikatu du: “Gure kezka adierazi nahi dugu sorreratik dagoen konpromiso falta honengatik, egitura honen lehendakaritza EAJk izan edo PSEk izan, denborak berak demostratu baitu Udal Gobernu hau ez dagoela inplikatuta ez Barrutiaren jardunarekin ezta ere bertatik herritarrek adierazten dituzten kezka, behar zein proposamenekin”.
Modu negatiboan baloratu du Jon Insausti alkateak Ekialdeko Barrutiko Batzarrean parte hartu izana. Batzorde hori eragileek, elkarteek eta talde politikoetako ordezkariek deitu dute organoaren funtzionamenduaz eztabaidatzeko. Alkateari bi eskaera jarri dizkiote mahai gainean: “Aurrekontua kudeatzeko eta gauzatzeko eskumen gehiago izatea Ekialdeko Barrutiko batzarrak eta langilez hornitzea Ekialdeko Barrutia, hau da, teknikari propioak izatea. Baina biei ala biei ezezkoa eman die”. Koalizioaren ustez, “larria” da baieztatu izana eskumen exekutiboak eskaintzeak “ez diola baliorik eskainiko hiriari”, eta, aitzitik, “trabak eragingo dizkiela udal sailei”.
EH Bilduk gogorarazi du Eneko Goia alkateak iaz adierazi zuela ez zirela zabalduko Ekialdeko Barrutiaren eskumenak, eta udal gobernuari leporatu dio ez duela aurrera egin Barrutirako unitate espezifiko bat sortzeko konpromisoan, aurrekontuko langileen kapitulua zabaldu gabe: “Egiaztatu dugu ere iaz Eneko Goiak Ekialdeko Barrutiko Batzarraren aurrean adierazi zuen konpromisoan urrats bakar bat ere ez dutela eman. Ekialdeko Barrutiko unitatea sortzeko aukera aztertzen ari zirela esan zuen orduan, baina Insaustik berak onartu du ez dituela etxekolanak egin. Gure ustez Batzarrari errespetu falta larria da hau, bertatik egiten diren eskaera eta beharrei gutxiespena. Berriro diogu, urte galdua izan da”.
EH Bilduren arabera, alkateak proposamen bakarra egin zuen: udal sail bakoitzak erreferentziazko pertsona bat izendatzea Ekialdeko Barrutiarekin harremanetan jartzeko. Koalizioaren ustez, eredu hori lehenago ere saiatu zen eta arlo gehienetan ez zuen funtzionatu.
