Mundua obretan eta Bad Bunnyk konpondu
Klik-klakJoseba Parron San Sebastian Mundua obratan dago, baina guk ez dugu ezer apurtu», abestu zuen Gorka Urbizuk. Gerora, Merina Grisekin, baietz, guk apurtu genuela mundua. Subjektuaren ardura aldatu da azken hogei urteotan, eta errua banatzen dugu errazago. Badakizue, plastikozko lastotxoa erabili zuek; eta bitartean, mila hegazkin pribatutik gorak egin zuten bidaia Super Bowla ikusteko.
Obretan edo ez, gauza bat argi dago: mundua erdi suntsituta dago. Erantzukizuna norena den? Ez dakit. Baina nik gogoa Kuban dut. Munduko inperio makurrenaren aurrean makurtu gabe irauten saiatzen ari delako.Herritarrek sortutako nazioa, Trikontinentalaren bihotza, mundu berri batentzat itsasargia. Abiadura Handiko Txikizioan azeleragailua sakatuta dutenen ondoan, petroliorik gabe, baina duintasun osoz.
Pablo Milanes kubatarrak Puerto Ricori egin zizkion bertsoak berreskuratu ditzake akaso Bad Bunnyk orain? «Kuba eta Puerto Rico dira txori baten bi hegalak. Bide beretik jarraituta / berriro aurkituko dugu elkar / elkarrekin erreklamatzeko / zure patua alda dadila. / Eta ukatuko balute / zurea dena nahitaez, / Oraingoan hegan egitera gonbidatzen zaitut / matxetearekin hegaletan».
Eta Amerikaren batasunarekin jarraituta, Mafalda ekarri dezagun aspaldiko partez: «Eta hainbeste planeatu ordez, apur bat altuago hasiko bagina hegan egiten?».


