Momo jainkosarena da hiriko agintea
Eguerdian jaso du Momo Jainkosak aginte makina, hiria inauterian murgilduzMaitane Aldanondo Lehenik, hiriko giltzak jaso zituen Ostegun Gizenean, eta gaur, hiriko aginte makila bereganatu du Momo Jainkosak. Datozen egunetan, Jon Insausti alkateak emandako boterea tarteko, hiria bere eskuetan egongo da inauteri zaleen pozerako. Hartu dituen lehen neurriak ez dira txarrak izan, baina zaila dirudi Sardina ehortzi aurretik haiek egikaritzeko denbora nahikoa izango duenik.
Festaz gozatzeko segundo bat galdu nahi ez dutenak, inauterien zaleak dira. Mozorroa eta aterkia soinean, taldetxo bat elkartu da Goiztirietan. 11:01ean abiatu behar zuten Zuloaga plazatik, baina moldaketa txiki bat eginda Abuztuaren 31 kaletik irten dira. Taberna aurretan pilatuta edo eraikinen kontra aterpe hartuta, lasai zain zeuden, baina txarangak lehen doinua egin orduko, buila, algara eta dantza piztu dira. Kale jira alaian ibili dira Parte Zaharrean barrena, Bulebarra eta Gipuzkoa plazak zeharkatuta, Maria Cristina hotelera bidean.
Heldu dira Momo Jainkosaren atseden lekura eta hari abestu dizkiote goiztiriak. Momo eta bere segizioko kideak balkoira irten dira hobe entzuteko eskaintzen ari zitzaizkien kantak eta handik agurtu dituzte bertaratutakoak. Gero, haiei batu zaizkie estalitako ibilgailu batean, udaletxera bidean. Plaza Berrian egitekoa ziren ekitaldia, baina euria iragarrita zegoenez, lekuz aldatzea erabaki zuten arduradunek. Momo ea kideak buruan joan dira bide osoan, baina azkenak izan dira Alderdi Ederreko terrazako atetik udalbatzar aretora sartzen. Aurrez, gainera, zenbait argazki egin dizkiete eskaileren azken mailan jarrita.
Ekitaldiaren aurkezleak iaz udal arduradunek aukeratu zuten mozorroaren alde egin du, Minions filmeko pertsonaia hori bat gorpuztuta. Jon Insausti deitu du lehenik, baina ez da zertaz mozorrotuta zihoan esateko gai izan. Ondoren, Momo gorpuztea egokitu zion Sara Zamorano eta bere laguntzaile gisa aritu diren Lanpernen konpartsan kide dituen Mikel Larrañaga Mezquita, Alba Virto Senderos eta Diana Virto Senderos. Elkarren ondoan jarri dira bostak, eta desiraz begiratzen zion Zamoranok makilari, hura esku artean izateko irrikaz. Horren aurretik alkateak adierazi du bi arrazoi egon daitezkeela hiritarrek Momo jainkosari hura ematea nahi izateko: oporrak behar dituela uste izatea edo beraz nekatu izana. Atsedenaren alde egitea nahiago izan du eta irribarrea ahoan eman dio agintea Momori. Jainkosak hura hartu, eta segituan nabaritu du gauzak erabakitzeko gogoa.
Donostiarrok festazaleak izanik, hilabeteko lehen asteburuetan bai kaldereroak bai inude eta artzainak ospatuko dira, bigarren astebururo, aldiz, inauteriak hasiko dira; eta hilabeteko 20. egunean, noski, Danborrada. Festez harago, Kaleko Afari Solidarioak egin ahal izateko, kaleen norakoa abisatu gabe aldatu eta radarrak jarriko ditu, isunen bidez dirua biltzeko. “Tira, orain arte egin ohi dena, baina jasotako dirua zertan erabiliko den jakinez eta kausa on bati bideratuta”.
Halaber, etxebizitza arazoari lotuta, lehen etxebizitza ez diren Mirakontxako pisuak desjabetu eta donostiarren eskura jarriko ditu “oporretan gozatzeko”. “Ikusiko dugu nola zozkatzen ditugun, baina seguru babes ofizialetako etxeak baino hobe egingo dugula, beti lotsa gutxi duen norbaiti egokitzen zaio”.
Hori gutxi balitz, turismo tasa aprobetxatuta, Kontxan egindako argazki bakoitzeko euro bat kobratzea eta Pintxoabentura parke tematikora bideratzea erabaki du, “gehiegizko turistak hara bidaltzeko eta hiria donostiarrentzat berreskuratu ahal izateko”. Parkeko jolas izarra San Sebastian Cheesecake izango da, ilara amaigabea egin ondoren gazta tarta zatitxo bat emango dute, “haize eroa eta alboko euriarekin girotutako Donostiako kaleak dituen dekoratu batean”.
Azken erabakiarekin batera oparitxo bat egin dio alkateari. Izan ere, gaueko bisitetan argia eta geolokalizazioa duen kasko bat erabili beharko baitu. San Valentin eguna izanda, ingelesez “musuka nazazu” zion diadema bat ere badu.Eta hori dena hasteko soilik. Gauza gehiago bururatuko zaizkiola uste baitu.
Barre egin du Insaustik, neurriekin eta opariarekin, eta dantzan egin du¡ asteartera bitarte luzatuko den jaiaren buruarekin. Eguraldiak Oriana denboraleaz mozorrotzea erabaki badu ere, inauteriek aurrera jarraituko baitute. 17:01ean ekingo diote konpartsen desfileari.
