EH Bilduk dio Jon Insausti alkateak «segurtasuna eta migrazioa» nahasten dituela
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramailea, udaletxearen atarian.EH Bildu Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emango du, Jon Insausti alkateak horrela erabakita. Horrek zalaparta sortu du gainerako udal talde gehienen artean, eta, horregatik, azalpenak emateko eskatu dio EH Bilduk alkateari, Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean.
“Alkatearen hitzak entzun ondoren, are eta kezkatuago gaude. Izan ere, argi geratu da EAJk bete egiten duela PP eta Vox alderdien diskurtsoa. Gainerako alderdi guztiek, PSE-EE haien gobernukidea barne, neurri honen aurka azaldu gara”, esan du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak, udaletxearen atarian.
Izagirrek gogor kritikatu du Insaustiren erabakia: “Azken hamarkadetako kontsentsua hautsi du. EAJren erabaki honen ustezko onurak zertan oinarritzen diren galdetuta, Insausti ez da gai izan ezer argitzeko eta berriro nahastu ditu migrazioa eta segurtasuna, alor honetan lan egiten duten aditu, eragile eta erakunde guztien iritzi eta gomendioen kontrako norabidean eginez. Hauen arabera, guk ere babesten duguna, halako erabakiek estigmatizazioan eta arrazismoan sakontzen dute”.
Irizpide aldaketa hau babesten duen “ebidentzia zientifikorik” ez dagoela esan du Izagirrek. “Agerian geratu da EAJren inprobisazioa eta elektoralismoan oinarrituriko estrategia. Kutsu populista duten erabakiak atzera bota, eta bai Euskal Herrian baita Donostian ere dugun kontsentsu zabalera itzultzeko eskatzen diogu alkateari”, gaineratu du.
Ahal Dugu-ren kritika
Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak eta Ahal Dugu alderdiko kideak alkatearen erabakia kritikatu du: “Hau ez da segurtasunari buruzko eztabaida bat, herritarren eskubideei eta duintasunari buruzkoa baizik, eta neurri horrek indarrean jarraitzen duen bitartean, aurrean izango gaitu”.
EH Bilduk esandakoaren ildo beretik, Lasak esan du Insausti alkatea ez duela “irizpide objektiborik” eskaini harturiko neurria azaltzeko. “Insaustiren erantzunak lausoak izan dira, gaian sartu gabe eta bere motibazioa benetan azaldu gabe. Insaustik prebentzioaz hitz egin du, baina zer prebentzio mota bilatzen da nazionalitateei buruzko datuak argitaratuz? Espero al duzu herritarrak prebenitzea zein talde demografikoren arabera?”, esan du Lasak.
Horrekin batera, PPren jarrera kritikatu du batzordeak Ahal Dugu-k kideak: “Behin eta berriz etxegabea eta etorkinak delinkuentziarekin lotzen saiatzen ari dira. Erantzukizun instituzionala eta adostasuna lortzea beharrezkoa den erronka batekin elektoralismoa egiten ari dira”.
