Etxeko lanak bete ezinda dabil Bera Bera
Porroten asteburua izan da Donostiako lehen mailako kirol taldeentzat. Realeko neskek Lezaman lorturiko garaipena izan da esanguratsuena.
Bera Beraren eta Lanzaroteren arteko neurketa, Gaska kiroldegian.Oscar Araujo Lidergoa eskura izan arren, Bera Berak ezin izan zuen abagunea aprobetxatu, larunbatean. Galdu egin zuten Gaskan, berriz ere. Oraingoan, Lanzaroteren kontra (25-26). Azken unean huts egindako penaltiak kondenatu zuen Donostiako eskubaloi taldea. Horrela, bolada irregularra zuzendu ezinda dabil Imanol Alvarezen taldea. Sailkapen nagusiko beste bi lehiakideei begira egoteak ez die mesederik egiten. Dena dela, Kanaria Handiak galdu egin zuen Malagaren pistan, eta Atletico Guardesen neurketa atzeratu egin da.
Futbolean, Realeko neskek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten Lezamako euskal derbian (0-2). Agerian geratu zen txuri-urdinen maila eta sasoia zuri-gorriena baino hobea izaten ari dela. Hori bera ikusi zen berdegunean, eta Realak aise irabazi zuen Aiara Agirrezabalaren eta Paula Fernandezen golekin —bigarren honek, penaltiz—. Sailkapeneko hirugarren postua egonkortzeko beste garaipen bat izan zen, zortzira puntura dutelako Tenerife laugarren sailkatua. Realeko mutilek, berriz, merezi gabeko zigorra jaso zuten Real Madrilen kontra, Santiago Bernabeu zelaian (4-1). Partidari onena jokatu ez bazuten ere, norgehiagoka berdintzea lortu zuten. Hortik aurrerakoa, epaileak erabaki zuen, ez ziren bi penalti adierazita madrildarrei. Arau berdinekin ez jokatzeak bere ondorioak ditu, eta txuri-urdinek pairatu zituzten, beste behin ere.
Saskibaloian, asteburu tristea Donostiako bi saskibaloi taldeentzat. Ibaeta Basketek Araskiren aurkako euskal derbia galdu zuen (76-66), ezinean aritu ostean. Lehen laurden eskasak kondenatu zuen Azu Muguruzaren taldea. Gipuzkoa Basketek, berriz, gertu izan zuen garaipena, baina azken laurdenean egin zien ihes (91-90).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeek lehia biziak jokatu dituzte. Mutilek, Bartzelona hartu zuten mendean haien izotz pistan (1-4), eta, neskek, jardunaldi bikoitza izan zuten, baina bi talde desberdinen kontra. Ostiralean, Huarte nafarrei irabazi zieten (1-2), baina atzeratu behar izan zen Jacaren kontrakoan ez zuten emaitza bera lortu (4-1).
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 19. jardunaldia
- Bera Bera 25 — Lanzarote 26
Futbola
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Athletic 0 — Reala 2
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Real Madril 4 — Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Araski 76 — Ibaeta Basket 66
Gizonezkoen bigarren maila, 21. jardunaldia
- Kantabria 91 — Gipuzkoa Basket 90
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Bartzelona 1 — Txuri Urdin 4
Emakumezkoen liga, 6 jardunaldia eta 14. jardunaldia
- Huarte 1 — Txuri Urdin 2
- Jaca 4 — Txuri Urdin 1
