'Itzulera' antzezlanak irabazi du 26. Donostia Antzerki Saria
Dejabu konpainiak irabazi du 26. antzerki saria.Xalba Ramirez Dejabu antzerki taldearen Itzulera antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren 26. Donostia Antzerki Saria. Bosgarren aldia da Errenteriako taldeak aitortza hori jasotzen duena, eta, sari gisa, 12.000 euro eta Nora Pilarte Galdona margolariaren obra bat dagokie.
Auto-fikziozko obran, konpainiako kideak euren sormenaren eta identitatearen zentzua zalantzan jarri dute. Taldeak 2024an Mexikora egindako bidaia kontatzen du eta nola bertan jazotako ustekabeko gertakari batek, euren abenturaren norabidea aldatu zuen. Zuzeneko road movie baten egitura du obrak eta etengabe jokatzen du errealitatearen eta fikzioaren artean. Eszenako aktoreez gain, zinemagile batek zuzenean irudiak sortu eta proiektatzen ditu, ikusleentzako emanaldi bakoitza esperientzia errepikaezin bihurtuz. Ipuin honetan irudikatutakoaren eta bizitakoaren arteko mugak lausotzen dira, eta publikoa bidaia horren eta bere emaitzaren parte izatera gonbidatzen zaio.
Antzezlanak euskal sortzaileek bizi duten errealitatea islatzen du eta epaileek beren erabakia arrazoitzeko nabarmendu dute “umorez eta irudimen handiz Mexikora egindako bidaia kontatzen” duela, horretarako, bide berriak arakatuz. Izan ere, historia eszenan jartzeko “elementu eta lengoaia desberdinak” baliatu baitituzte “emaitza biribila” sortuz. “Bisualki oso erakargarria da antzerkia eta zinema uztartzen dituen road movie hau”.
Kosortzailea
Ainara Gurrutxaga, konpainiako zuzendarietako batek azaldu duenez, konpainiaren 25. urteurrena da honakoa, eta “ezin momentu bereziagoan” iritsi dela saria. “Modu kooperatibo” eta “kosortzailean” egiten dute lana Dejabun, eta kide eta lagun guztiei eskerrak eman dizkiete, teknikarietatik hasita, argazkilari eta idazleei. “Zaldi basati” baten moduan iritsi zen obra, eta konpainiak ohikoak dituen lengoaietatik aldendu dira, zinema eta antzerkia uztartuz lehenengo aldiz. Bi diziplina “hierarkiarik gabe” uztartzea izan da erronka, eta pozik daude emaitzarekin.
Miren Alcalak oroitu du Dejabu konpainiak Errenterian duela etxea, eta herriaren tradizio politikoari eskerrak emateko aprobetxatu du: herri mugimenduen tradizio asanblearioa, feminismoa eta langile mugimendua izan ditu gogoan, eta horren tradizioan kokatu du konpainiaren izaera kolektiboa. Gainera, udalak eta erakundeek ematen duten babesa ere eskertu du Alcalak, sormen “libre eta zaindu” baten baldintzak direlako.
Ohikoa denez, saria emateko ekitaldia, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean izango da, martxoaren 27an, Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Bertan eskainiko dute berriro ere obra, eta aurreratu dutenez, “hainbat sorpresa” izango dira.
