La Sirena ez da aterpetxea izango apirilaren 1etik aurrera
Urte osoko harrera eta gizarteratze zentro izatera pasatuko da, eta udalak ez du ordezko aterpetxerik irekiko.
Ondarretako La Sirena aterpetxea.Donostiako Udala Donostiako Udal Gobernuak Aukerak programaren barruan kokatu du Ondarretako La Sirena aterpetxea harrera eta gizarteratze zentro bihurtzeko erabakia. Horrela jakinarazi du Jon Insausti alkateak, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “La Sirena ez da aterpetxea izango apirilaren 1etik aurrera”, nabarmendu du.
Gogoratu behar da Aukerak etxerik gabeko pertsonei baliabideak eskaintzeko udal programa propioa dela. Urtarrila bukaeran aurkeztu zuen alkateak, eta lotura zuzena du Martutenen zein Herreran bizi ziren pertsonen kaleratzeekin. Hain zuzen ere, programa horrekin bat egiten duten etxerik gabeko 60 pertsona artatzen ari dira La Sirenan.
“Udalak baliabide programa propio bat sortzea erabaki zuen, kalerik gabeko egoeran dauden pertsonak artatzeko, eta La Sirenan kokatu dugu. Hori bai, hasieratik argi adierazi genuen ikuspegi humanista eta zorrotza izango genuela. Batetik, artaturiko pertsona horiek komunitate baten parte izan behar dira, elkarbizitzaren aldekoak. Bestetik, haien baliabideetatik zerbait jarri behar dute, formatuz eta lan eginez”, azaldu du Insaustik.
La Sirenak gazteentzako aterpetxe izateari uztean, soilik Uliakoa geratuko da, eta udalak ez du besterik irekiko. “Uliakoarekin jarraitzea da 2026ko asmoa. La Sirena Gizarte Zerbitzuen baliabide bihurtzea lehenetsi dugu”, esan du alkateak.
