Morlansen 180 etxebizitza eta Loiolako Erriberan 83 egingo ditu Eusko Jaurlaritzak
Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen simulazioa.Irekia Donostiako bi partzelaren doako lagapena onartu du Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak. Horrela, gazteei eta adinekoei alokatzeko 263 etxebizitza eraikiko dituzte: 180 Morlansen eta 83 Loiolako Erriberan.
Etxebizitza publiko eta eskuragarria sustatzeko, Donostiako Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren barruan kokatzen dira bi hirigintza proiektuak. Nabarmendu dutenez, aukera ematen du “urrats erabakigarria” egiteko eskuragarri dagoen lurzorua “sustapen zehatz” bihur dadin, “betiere denborak murriztera eta egikaritzea erraztera bideratutako plangintzaren bidez”.
Loiolako Erriberako 83 bizitokien kasuan, Etxebizitza Sailak dagoeneko kontratazioko batzorde nagusian du obra lizitatzeko lehiaketa. Aurreikuspenen arabera, udazkenean hasiko da lehiaketa, udalak Jaurlaritzari obra egiteko baimena ematen dionean. Helburua da, bizitegi presioarekiko bereziki sentikorra den eremu batean, obraren hasiera arintzea eta alokairuko eskaintza eskuragarria batzea. Promozio honek 17,7 milioi euroko obra aurrekontua izango du.
Morlansko 180 etxebizitzei dagokienez, ibilbide arinagoa aurreikusten du Etxebizitza Sailak, indarrean sartu berri den Euskadiko Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeari esker. Izatez, lege horrek tramitazioa metatzeko aukera ematen du xehetasun azterketa baten idazketa bakarrarekin, plan berezia idaztearen ordez. Hartara, lehen denbora luzatzen zuten prozedurak saihesten dira, eta lanen hasiera 2028an programatzea lortuko litzateke.


