'Su ahoak' izango da 'Hondar ahoak' eta 'Zeru ahoak' telesailen jarraipena
Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak Nerea Garcia pertsonaiaren inguruan girotutako beste istorio bat kontatuko du.
'Zeru ahoak' telesailaren pasarte bat. Azken urteotan estreinatu diren euskarazko telesailen artean, Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak zuzenduriko bi daude: Hondar ahoak (2020) eta Zeru ahoak (2025). Bien protagonista da Nerea Garcia —Nagore Aranburu— polizia inspektorea, eta bien istorioak lotuta daude. Bakoitzak launa atal ditu.
Orain, EITBk telesail horien jarraipena iragarri du: Su ahoak. Protagonista bera izango du hirugarren telesailak ere. Harkaitz Cano eta Nagore Aranburu berarekin batera idatzi du Almandozek, eta zinemagile donostiarra arduratuko da zuzendaritzaz.
Gogoratu behar da Zeru ahoak telesaila iazko Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztu zela, lehiaz kanpo, eta harrera ona izan zuela. Gerora, Primeran plataformak, ETB1ek eta RTVE Play plataformak eskaini zuten.
Bestalde, Almandozek Azken agurra filma estreinatuko du aurten.


