Balentria egin nahi du Txuri Urdinek
Realeko mutilak eta neskak etxean ariko dira, asteburuan. Aldiz, Bera Bera, Ibaeta Basket eta Gipuzkoa Basket kanpoan jokatuko dituzte beraien neurketak.
Txuri Urdineko neskak, ligako titulurako kanporaketen atarian.Txuri Urdin Laugarren tokian bukatu berri dute Txuri Urdineko neskek liga erregularra. Herenegun jokatu zuten azken partida, Jacan, eta galdu egin zuten. Horrela ere, titulurako kanporaketak jokatuko dituzte. Finalerdietan arerio zailena egokitu zaie: Majadahonda —laugarrenak lehenaren kontra jokatzen duelako–. Beraz, balentria egin beharko dute finalera iristeko. Lehen partida etzi jokatuko dute Anoetako izotz pistan (14:30), eta garaipenak urduri dezake aurkaria. Bigarren partida Majadahondan jokatuko da hurrengo asteburuan, eta baita hirugarrena ere, beharko balitz.
Futbolean, Realeko mutilak eta neskak etxeko hiru puntuak eskuratzen saiatuko dira. Mutilek Oviedo hartuko dute bihar Anoetan, 14:00etan. Jaitsiera postuetan daude asturiarrak, eta gora egin ezinda dabiltza. Dena dela, ez da ahaztu behar lehen itzuliko partidan, Reala mendean hartu zutela. Beraz, garaipenaren bidera itzultzeko, serio hartu beharko dute norgehiagoka. Neskek, berriz, igandean jokatuko dute Zubietan, 16:00etan. Espanyol izango dute aurrez aurre, sailkapeneko putzuan dabilen taldea. Bolada onari jarraipena emateko gaitasuna dute txuri-urdinek.
Eskubaloian, Bera Berak etxetik kanpo lortu beharko du galera etetea. Lidergoa galdu ondoren, egoerari buelta eman ezinda dabil eskubaloi taldea. Bihar, Granollersen pistan ariko dira (18:00), eta leku ona izan daiteke azken partidetan falta izan dena gainditu, eta garaipena lortzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Cadi La Seuren pistan jokatuko du bihar, 18:10ean. Ez dabiltza eroso neurketetan, laurden batzuek kondenatzen dutelako taldea. Joko maila eta dinamika ona berreskuratzeko erronka izango da beraientzat. Gipuzkoa Basketek, berriz, Zamoraren pistan jokatuko du bihar, 19:30ean. Aurreko jardunaldian puntu bateko aldearekin galdu izanak ilundu zuen taldearen bolada ona, eta aukera polita dute arerio garrantzitsu bat mendean hartzeko.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Txuri Urdin – Majadahonda (etzi, igandea, 14:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Reala – Oviedo (bihar, larunbata, 14:00)
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala – Espanyol (etzi, igandea, 16:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 20. jardunaldia
- Granollers – Bera Bera (bihar, larunbata, 18:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Cadi La Seu – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 18:10)
Gizonezkoen bigarren maila, 22. jardunaldia
- Zamora – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:30)
