Denak alde egon arren, ez dute estaltzen topoa
Berriro ere aterako dira kalera Amara Berriko bizilagunak Morlans eta Loiola artean topoa estali dezatela eskatzeko. Zarata kentzeaz gain, oinezkoentzako gune berria nahi dute. Manifestaziora deitu dute hilaren 28rako.
Xabier Berridi, estali nahi duten Amara Berriko trenbidearen ondoan.Xalba Ramirez Ekin eta ekin dabil Amara Berriko auzo elkartea azkenaldian: «Hamar urte baino gehiago daramagu honekin». Topoaz ari da auzo elkarteko kide Xabier Berridi. Zarata dela eta, dozenaka bizilagunek hainbat eta hainbat kexa jarri dituzte azken urteotan. Eta proposamenak baita ere, baina oraindik ez dute aldaketarik ikusten ortzi mugan.
Gainera, arazoak okerrera egin duela eta egingo duela diote auzokideek. Lehen, topo gutxiago pasatzen zirela ziurtatzen dute, orain, zazpi minutuero pasatzen da, norabide bakoitzean.
«Horrek esan nahi du hiru minutu eta erdiro pasatzen dela topo bat», argitu dute: «Hori goizeko bost eta erdietatik gaueko hamaika eta erdiak arte. Jaiegunetan, are gehiago».
Eta gehiagora joango dela ziurtatu dute: «Normala denez, topoaren igarobidea egiterakoan, handitu egingo da maiztasuna». Bizilagunek uste dute, gainera, egoerak okerrera egingo duela, bai igarobide berriarekin, baita klima aldaketaren inguruan izango diren erabakiekin ere: auto gutxiago eta tren gehiago erabiliko direla, alegia.
Merkantzien trenek eragina izango dute, baita ere. Lugaritz eta Amarako zatietan ezingo dira erabili eta desbideraketa egingo omen dute Amara Berrirantz: «Hiru minutuero baldin badaude trenak, merkantziak gauez igaro beharko dira; are okerragoa izango da».
Estaltzea, «Eibarren moduan»
Donostian egiten ari diren obra guztien ondorioz, Añorgan, Amara Berrin eta Loiolan izan ezik, tapatuta egongo da topoa. Eta horregatik nahi dute auzoan ere estaltzea.
«Eibarren jada egin dute. Den-dena estalita dago. Eibar sarreratik Ermuaraino doan bidea estalita geratu da. Europako funtsekin egin dute, eta Eibarko Udalak 300.000 euro ordaindu ditu. 300.000 euro. Huskeria bat da!».
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Eibarko eta Azitaingo geltokien artean trenbideak estaltzeko lanak amaitzen ari da dagoeneko. Trenbidea estalita, 10.000 metro karratuko eremu publiko berria sortuko da herritarren aisialdirako; 1.000 metrotik gorako luzera eta batez beste hamar metroko zabalera duen trenbidearen gainean sortutako plataforma izango da.
Arrazoi nagusia?
Zarata. «Eta zarata betirako izango da». Berridik azaldu duenez, zaraten mapa bat dago. Ordea, mapa horiek «oso tranpatiak» dira: «Batez bestekoa egiten da. Zure etxearen azpian zarata handi-handi bat baldin baduzu, egunean zehar bi orduz, ba, ez duzu zer eginik, zeren batez bestekoa izango da hamar dezibelio».
Topoaren zarata maparekin gauza bera gertatzen dela salatzen dute. Hiru minutu eta erdiz ez dago zaratarik, eta momentu batean, hamabost segundoz igo egiten da, eta gero desagertu. Batez bestekoa oso baxua da.
Itxura denez, PSE-EEk, izandako bileretan, esan die autoen trafikoa dela. Auzo elkartearen esanetan, momentu puntualetan baino ez da hori; arazoa topoarena da. Politikari batekin bildu zirenean halaxe esan zioten: «Ezin zaitugu ezta zure Teleberri-an entzun!».
Erakundeen artean bueltaka
Duela sei urte inguru, Eneko Goia alkatearekin egon ziren eta auzo elkarteko kideek azaldu dutenez, bizilagunen proposamena onartu zuen alkate ohiak: «Lehenengo egunetik, gainera. Bere planteamendua izan zen lurperatzea egitea, hori ezinezkoa den arren».
Ordea, Jaurlaritzan hauteskundeak zirela eta, «itxoiteko» eskatu zien alkate ohiak. Hortik aurrera, itxoin besterik ez dute egin. Sailburu aldaketa izan zen, eta Susana Garcia Chueca sailburarekin elkartu diren arren, ez da aldaketarik izan.
Donostiako Udaleko udalbatzarrean, hain zuzen, onartu egin zen proposamena. PSE-EEk, ordea, bere proposamena egin zuen: «Udala izan behar da protagonista». Udalbatzarrean eskatzen zen Jaurlaritzari eskatzea martxan jartzeko proiektua. Gauza sinplea eskatzen dute, beraz: «Hitzarmena adostea bi erakundeen artean».
Udalarekin harremanetan daude, baina ez dute konpromiso argirik lortu. «Hitz onik ez dugu nahi, konpromisoak baizik»
Gobernu Zibilarekin gertatzen dena gertatzen da hemen: «Denak daude ados, eta izorratuta zaude. Munduko arrazoi guztia dugula esaten digute, baina gero inork ez du ezer egiten. Kontra baldin badaude, baduzu indarra egitea, baina hemen gertatzen dena da alde egonda ere, ez dutela kasurik egiten».
Goiak babestutako lurperatzearena erabat baztertu zen. «Oso garestia da, etxebizitzak mugitzea ekarriko luke… Zoragarria litzateke, bai, baina ez dugu ezta eskatu ere egiten!». Estaltzearekin, lortuko lukete Eibarren egin dutena: estaltzea eta pasealeku berri bat.
Jon Insausti alkatearekin oraindik ez dira elkartu, «hainbat aldiz» bilera eskatu arren. Udalarekin harremanetan daude, baina ez dute konpromiso argirik lortu. «Hitz onik ez dugu nahi, konpromisoak baizik».
Beraz, beste mobilizazio bat egingo dute datorren otsailaren 28an. Oraingoan, eskaera zehatz batekin: «Kolaborazio hitzarmen bat egitea Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak». «Auzo guztiak erantzutea nahi dugu, ea mugitzea lortzen dugun».



