Alvaro Odriozolaren zoritxarra
Realeko atzelari donostiarrak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta agur esan dio denboraldiari.
Alvaro Odriozola min hartuta, Oviedoren kontrako partidan.Reala Lesioek baldintzatu dute Alvaro Odriozola jokalari donostiarraren kirol ibilbidea. Ordea, Realera itzuli zenetik, pixkanaka, erritmoa eta maila berreskuratzea lortu du. Baita Pellegrino Matarazzo entrenatzailearen konfiantza ere, minutu onak jokatuz. Tamalez, pasa den larunbatean zapuztu zen dena.
Oviedoren aurkako partidan ezker belauna bihurritu zuen, eta min handiarekin atera zen berdegunetik. Bigarren zatian atera zen aulkitik, 53. minutuan, Jon Mikel Arambururen ordez. Bi minutu ingurura, berriz, hankarekin keinu txarra egin, eta min hartu zuen Odriozolak. Berehala konturatu zen zerbait serioa zela. Klubak atzo baieztatu zuen iragarpenik okerrena. Atzelari donostiarrak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta ebakuntza egin beharko diote. Ondorioz, denboraldiari agur esan dio, eta ezin da jakin noiz bueltatuko den.
Txanponaren beste aldea
Realak azken orduetan izan duen albiste txarraz harago, on bat ere izan du. Klubak pasa den astean berritu zuen Job Ochieng gaztearen kontratua, 2028. urtera bitarte. Keniako hegaleko erasoko jokalariak beste hainbat talderen eskaintzen zituen, baina txuri-urdinez jantzita jarraituko du. Aipatzekoa da Ochiengek dagoeneko debuta egin duela lehen taldearekin, hainbat deialditan sartu duela Matarazzok, eta maila oso onean dabilela bigarren taldearekin.
