Ibaeta Basketek garaipen on batekin eten du galera
Gipuzkoa Basketek eta Bera Berak erakustaldiekin irabazi dute asteburuan, baina Txuri Urdinek galdu. Realeko neskek irabazi egin dute eta mutilek berdindu.
Ibaeta Basketen eta La Seuren arteko norgehiagoka.Ibaeta Basket Bost porroten zama handiegia zen Ibaeta Basketentzat. Beraz, irabaztea ezinbestekoa zen donostiarrentzat, Cadi La Seuren pistan. Baita lortu ere, partida ona jokatuta (42-77). Azken neurketetan, laurden txar batek baldintzatu zuen emaitza. Oraingoan, ordea, partida ederki kontrolatu zuten Azu Muguruzaren neskek. Horrela, galera etetea lortu eta sailkapeneko hamargarren tokian egonkortu dira. Gipuzkoa Basketek, berriz, sekulako garaipena eskuratu zuen Zamoraren pistan (70-101). Maila paregabea eman zuten Sergio Garciaren mutilek, eta sailkapeneko laugarren postura igo dira.
Eskubaloian, Bera Berak duen maila behar den moduan azaleratu zuen Granollersen kantxan (18-29). Hasieratik bukaerara, nagusi izan zen Donostiako eskubaloi taldea, eta konfiantza berreskuratzeko baliagarria izango da. Batez ere, liga erregularreko lidergoari uko ez egiteko. Sailkapeneko bigarren tokian kokatu dira, eta Kanaria Handia liderra puntu bakarrera dute.
Izotz hockeyan, aurreikuspenak bete ziren, tamalez. Txuri Urdineko neskek ezin izan dute titulurako lehia garaipen batekin hasi. Majadahonda faborito eta taldea indartsua egokitu zaie finalerdietan, eta Anoetako izotz jauregian jokatu zuten lehen partida. Madrildarrek nahiko erraz irabazi zuten (0-4). Bigarren partida arerioaren etxean jokatuko da asteburuan, eta madrildarrek irabaziz gero, titulurako lehiatik kanpo geratuko dira donostiarrak.
Futbolean, Realeko neskek garaipenaren bideari eutsi diote asteburuan. Espanyol hartu zuten Zubietan, eta uste baino gehiago kostatu zitzaien aldeko markagailuari eustea (2-1). Lucia Pardok egindako bi golei esker geratu ziren etxean hiru puntuak. Une honetan, sailkapen nagusian hamaika puntura urrundu dute laugarren sailkatua. Realeko mutilek, berriz, hiru emaitza posibleekin espekulatu zuten Oviedoren kontra, Anoetan. Galtzeko eta irabazteko zorian egon ondoren, berdindu egin zuten (3-3). Lehen zati kaskarrak kondenatu zuen taldea, eta neurketa aldapa gora jarri zen arren (0-2), Oskarssonen eta Caleta-Car jokalarien golekin irauli zuten (3-2), azkenik, berdintzeko. Epaileak Oviedoko jokalari bati txartel gorria ez atera izanak ere baldintzatu zuen partida eta emaitza. Berriz ere, arerio zailena epailea bera izan zen.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Cadi La Seu 42 – Ibaeta Basket 77
Gizonezkoen bigarren maila, 22. jardunaldia
- Zamora 70 – Gipuzkoa Basket 101
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 20. jardunaldia
- Granollers 18 – Bera Bera 29
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Txuri Urdin 0 – Majadahonda 4
Futbola
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Reala 3 – Oviedo 3
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala 2 – Espanyol 1
