Autobus geltokia handitzeko «espazioa berrantolatu» nahi du alkateak
Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, geltokian tornu automatikoak jarri nahi ditu udalak.
Donostiako autobus geltokia. Beñat Parra Atotxako autobus geltokia txiki geratu da, batez ere, erabiltzaileentzat. Hori dela eta, Donostiako Udalak handitzeko asmoa du, baina egun okupatzen duen espazioa handitu gabe. Jon Insausti alkateak horren inguruko xehetasunak eman ditu, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan.
“Bi eskaera nagusi ditu geltokiak. Batetik, erabiltzaileen egonaldirako gunea zabaldu behar dira, eskas geratu delako. Bestetik, pertsonen fluxua eta segurtasuna hobetu behar dira”, esan du alkateak. Espazio berriak okupatu ordez, egungoa berrantolatzearen alde agertu da: “Egia eta Erdialdea lotzen dituen lur azpiko pasabidea zabaldu da, eta espazio berriak sortu dira. Horrela, beheko solairuko jarduerak gora igo daitezke, espazio handiago lortu bidaiarien egonaldirako”.
Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, geltokian tornu automatikoak jarri nahi ditu udalak. “Erabiltzaileen egonaldia, fluxua eta segurtasuna hobetuko lituzke”, nabarmendu du Insaustik.
Gaur egun geltokia kudeatzen duen enpresarekin eta ADIFekin hitz egiten hasiko direla gaineratu du alkateak. “Esan moduan, ahalik eta obra txikiena egitea da helburua, eraikita dagoena berrantolatuz”.
