«San Bartolomeko magala gune irekia, publikoa eta berdea izango da»
Jon Insausti alkateak esan du "debate urbanistikoa" bukatu dela, ez direlako eraikiko merkataritza zentroa eta lur azpiko aparkalekua.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udal Gobernuak behin betiko baztertu du San Bartolomeko magalean merkataritza zentro bat eta lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko proiektua. Jon Insausti alkateak gaur jakinarazi du erabakia, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian.
“Balorazioa positiboa da. Nire helburuetako bat zen lehen ehun egun hauen barruan San Bartolomeko korapiloa askatzea. Argi eta garbi adierazi nuen nire konpromisoa zela han ez jartzea merkataritza zentrorik eta lur azpiko aparkalekurik. Helburu horrekin egin dut lan denbora honetan zehar, baina beti arduraz jokatuta. Hau da, zuhurtziarekin eta segurtasun juridikoarekin”, azaldu du alkateak.
Hiru erabaki “zehatz” hartu dituztela esan du, “hiruak urbanistikoak”: “Bata, lizentzia iraungi egiten dela, bigarrena HAPOa aldatu egingo dugula, eta hirugarrena, gune irekia, publikoa eta berdea izango dela”. Horiek horrela, “debate urbanistikoa” bukatu dela gaineratu du: “Gaurtik aurrera esan dezakegu ez dela merkataritza gunerik eta aparkalekurik egongo”.
Orain, ordea, beste fase batean sartuko da San Bartolomeko afera, Insaustik berak aitortu duenez. “Honek guztiak eragingo dituen kalte ordain eta egoera ekonomikoak argitu beharko ditugu. Zuzenbideak jarriko digu jarraitu beharreko bidea”, azaldu du. “Akordioetarako denbora bat ireki nahi dugu, udalaren, San Bartolome Muinoa sozietatearen eta jabetzaren artean. Ez nuke epaitegietara iritsi nahi”, gaineratu du.
Osoko bilkurako ezezkoa
Gogoratu behar da urtarrileko osoko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk San Bartolomeko magala parke publiko bihurtzeko eskaeraren kontra bozkatu zutela. Hilabete geroago, gutxi gorabehera hori bera da udal gobernuak hartu duen erabakia. Horren inguruan galdeginda, Insaustik esan du “segurtasun juridikoa” dela aldatu dena: “Aukera desberdinak aztertu behar genituen, batez ere, irtenbide onena topatzeko. Orain, ikusi dugu posible dela”.
San Bartolomeko magala parke bihurtuko den galdetuta, hori “konplexua” iruditzen zaiola esan du: “Hegal bati parke deitzea… Berdegune natural bat izatea da helburua. Plan orokorraren aldaketak partaidetza prozesu bat izango du, eta herritarrek esan ahalko dute zer nahi duten jarri gune horretan”.
