Uber enpresarekin bilduko da Insausti, Donostian «nola ibiliko diren» jakiteko
"Errealitate berri bat etorri zaigu hirira, onartu eta kudeatu behar dugu", adierazi du alkateak.
Uber ibilgailu bat. Jon Insausti alkateak Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian iragarri duenez, martxoaren 4an, Uber enpresako arduradunekin bilduko da. Izan ere, Donostiako Udalak “zalantza juridikoak” dituela aitortu du: “Donostian nola ibiliko diren eta zein asmo dituzten jakin nahi dugu. Era berean, zein oinarri juridiko hartu duten ere jakin nahi dugu”.
Astebete inguru igaro da Uber ibilgailuak Donostian zehar dabiltzala. “Errealitate berri bat etorri zaigu hirira, onartu eta kudeatu behar dugu. Zerbitzua dagoeneko ikusten da kalean. Goazen aztertzera eta ondoen kudeatzera”, azaldu du alkateak.
Araudiari dagokionez, Insaustik esan du “konplexua” eta mailakatua dela: “Hau da, estatukoa, erkidegokoa eta lurraldekoa. Beraz, non geratzen dira udalerriak? Halako ibilgailuen gainean eskumen gehiago dute Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek”. Eredu bat ere jarri du udalak dituen zalantza juridikoen arrazoia azaltzeko: “Badajozeko Uber batek Donostian zerbitzua eskaini dezake, Espainiako Gobernuak lizentzia orokor bat ematen dielako. Alegia, lizentzia dute zerbitzu urbanoak emateko”. Zentzu horretan, hemengo taxiek baino zerbitzu aukera gehiago dituztela onartu du.
Joan-etorriak
Udalak eskura ditu Uber ibilgailuek Donostian egiten dituzten joan-etorriak. “Horiek guztiak erregistratuta geratzen dira software batean. Beraz, hilabete barru ondorio batzuk atera ahal izango ditugu. Era berean, jakin ahalko dugu zenbat Uber lizentzia dauden aktibatuta hirian eta abar”, esan du Insaustik.
