Osoko bilkuran ere azaleratu da jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasuna
Loiolako Erriberako zuzkidura etxebizitzaren garapena Eusko Jaurlaritzak gidatzea babestu du udalbatzak.
Loiolako Erriberako lursail honetan aurreikusi dute 200 zuzkidura etxebizitza eraikitzea.Inaxio Esnaola Kopurua izan zen lehen talka, eta eskumenak sortu du bigarrena. EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasuna azaleratu zuen Loiolako Erriberako etxebizitzen proiektuaz aritu dira gaur, otsaileko osoko bilkuran. Eztabaidarako bi mozio aurkeztu dituzte; bata, sozialistek, eta, bestea, popularrek. Lehena soilik babestu du udalbatzak, jeltzaleen kontrako jarrerarekin. Beraz, udal gobernua osatzen duten bi alderdiak ez dira ados jarri, berriz ere.
PSE-EEren ustez, Eusko Jaurlaritzak gidatu behar du Loiolako Erriberako G.000.2 lursailaren garapena. 200 zuzkidura etxebizitza eraikitzea aurreikusi du Etxebizitza Sailak, eta proiektu horrekin aurrera egitea eskatu dute sozialistek. “Aukerarik logikoena da, lursaila beraiena delako. Etxebizitza Sailak aurreproiektua aurreratua dauka, eta giza baliabideak zein baliabide teknikoak dituzte garapena azkarrago bideratzeko”, azaldu du Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak.
Jon Insausti alkateak eta Imanol Pradales lehendakariak lursail horretara egindako bisita kritikatu du Oiarbidek: “Alkateak korrika egin zuen argazkia atera eta, babesten duen proiekturik gabe, 400 etxebizitza eraikiko zirela iragartzeko, Loiolako Erriberako bizilagunen artean nahasmena eta haserre nabarmena sortuz. Bizitoki larrialdiko egoera baten aurrean gaude, eta zorroztasunez, seriotasunez eta erantzukizunez jokatzea eskatzen diguna”. Horrekin batera, “leialtasun instituzionala” eskatu dio Insaustiri.
Jeltzaleen izenean, ordea, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak hitz egin du. Hiriko antolamendua udalaren eskumena dela gogorarazi dio bozeramaile sozialistari, eta ezin duela beste erakunde batek bere gain hartu; “bestela legea urratuko litzateke”. Sozialistek aurkezturiko mozioaren kontra agertu da Arzallus, eta jarrera bera hartzeko eskatu dio udalbatzari. Bestalde, Loiolako Erriberako lursailean 400 zuzkidura etxebizitza eraiki daitezkeela berretsi du.
EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak sozialisten mozioa ontzat jo duten arren, Loiolako Erriberako lursailean eraiki beharrekoaren inguruko iritzi propioa plazaratu dute. Borja Corominas PPko zinegotziak zuzkidura etxebizitzen ordez, ekipamenduak jartzearen alde agertu da: “200 edo 400 zuzkidura etxebizitza eraikiz gero, Loiolako Erribera ghetto bat bihurtu daiteke”.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak, berriz, esan du Loiolako Erriberako beste lursail batean eraikitzea aurreikusi diren 83 zuzkidura etxebizitzak, ika-mikaren lursailera eramatea. Horrela, auzoak duen ekipamendu faltari aurre egiteko aukera egongo litzatekeelako. Bestalde, Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasuna bera kritikatu du: “Ez duzue seriotasunik eta erantzukizunik. Soilik argazkian ondoen ateratzeko lehian zabiltzate”.


