Aldakonean babes ofizialeko etxebizitza gehiago sustatuko ditu Kutxa Fundazioak
EH Bilduk eta PSE-EEk patronatuko gehiengoa baliatu dute jeltzaleek kudeatzen duten Hirigintza Sailaren asmoa baztertzeko; zuzkidura etxebizitzak Altzara eramatea.
Egiako Aldakonea eremua.Inaxio Esnaola Kutxa Fundazioaren patronatuak bilera egin zuen atzo iluntzean, eta Egiako Aldakonea eremuko hirigintza plana aldatzea adostu zuten. EH Bilduk eta PSE-EEk haien ordezkarien gehiengoa baliatu zuten Aldakonean ahalik eta etxebizitza publiko kopuru handiena eraikitzeko.
Era berean, Egiako eremuan aurreikusitako zuzkidura etxebizitzak Altzako Eraikuntza Institutura eramatea baztertu zuten. Hain zuzen ere, hori zen atzo arte EAJk kudeatzen duen Donostiako Hirigintza Sailaren asmoa. Hau da, HAPOa aldatzea, etxebizitza pribatu libre guztia Aldakonean eraikitzeko, eta Egian aurreikusitako zuzkidura bizitokiak Altzako Eraikuntza Institutura eramateko.
Altzako eremu hori ekipamendu publikoetarako erabiltzea lehenesten dute PSE-EEk eta EH Bilduk. “Onura ekonomikoaren logikan oinarritutako planteamendua da, interes orokorrari erantzuten ez diona, Aldakonean eta Altzan desoreka bikoitza eragiten duelako, auzo horietan bizi diren donostiarren interesari kalte eginez. Auzo orekatuak behar ditugu, auzotarrak kanporatuko ez dituztenak”, azaldu du Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak.
Ez da lotestea
Kutxa Fundazioaren patronatuak harturiko erabakia ez da loteslea. Azken hitza Donostiako Udalbatzarena da, hiri antolamenduaren plan orokorra aldatzeko eskumena duelako. Dena dela, Aldakoneako lursailaren jabea Kutxa izanik eta erabakia alderdien gehiengoak hartu duenez, osoko bilkuran berrestea espero da.
