«Antigua herri txiki baten modukoa da eta horren parte sentitzen naiz»
Hiru urte luze dira Magnolia Vivas Antiguara iritsi zela bere bi semeekin. Auzoan, bizi eta lan egiten du, eta Jakintza ikastolan Familia Laguna programako bitartekari da. Berarentzat, giltzarri izan da ekimen hori.
8 urteko semearen adineko haurrei protestetan parte hartu nahi zutela entzutean erabaki zuen Magnolia Vivas Montanok (Cali, Kolonbia, 1982) maleta egin eta 9 eta 2 urteko bi semeak hartuta, Donostiara etortzea. 2021eko udaberrian, Ivan Duque buru zuen gobernuak iragarritako zerga erreformak eztanda soziala eragin zuen Kolonbian eta protestek hilabeteak iraun zituzten. Cali hiri «eder bezain arriskutsua» bada ere, «burbuila batean» bizi izan dela dio Vivasek, inguruak babestu duelako, baita bestelako bizimodua eta aukerak izan dituelako ere; berak 9 urte zituela migratu zuen amaren sakrifizioa tarteko.
Kaleko matxinadek, ordea, burbuila eztandarazi zuten. «Ez ginen gehiegi konturatzen benetan ukitu gintuen arte», gogoratu du, bonbak eta negar gasak auzora iristen hasi ziren arte. Beldurra piztu zitzaion eta hemengo lagun baten aholkuari jarraituz, itsu-itsuan etorri zen. «Asko kostata», dolua egin behar izan du bere ogibidearengatik eta Kolonbian utzitako guztiagatik. Enpresa administratzailea zen jaioterrian, «lanpostu on bat nuen», eta hemen, gustuko ez badu ere, sukaldaria da. Hala ere, konpentsatzen dio, semeen ongizatea baitzuen helburu. «Askatasuna gure herrialdeetan ez daukagun pribilegioa da. Pena handia dut ez nagoelako nahiko nukeen lekuan, baina pozik nago nire semeak salbu daudelako».
Beste antiguatar bat
Saltsaren munduko hiriburukoa izanda, «zaratara ohituta» dagoela dio, elkarrizketa osoan aurpegia betetzen dion irribarrea ahoan. Akaso, horregatik, Antiguak berehala harrapatu zuen. Frontoi ondoan bizi da eta han beti dago zerbait: danborrada, kaldereroak, inauteriak… «Etengabe» ospatzea «zoramena» iruditzen zaio, eta, lanak uzten dion neurrian, parte hartzen saiatzen da.
«Pena dut ez nagoelako nahiko nukeen lekuan, baina pozik, nire semeak salbu daudelako»
Zenbait jai ulertzen eskolako ama batek lagundu dio, jantziak utzi eta azalpenak emanez. Vivasek beti galdetzen du zergatik egiten diren, irakurri egiten du, eta semeei azaltzen die jakin dezaten. Antigua auzo «oso euskalduna» izatea gustuko du, baita tradizioei eusteko egiten den ahalegina ere. «Polita iruditzen zait hizkuntza eta kultura babesteko baliabideak jartzea. Kolonbian halakorik ez dago, babesgabe eta galdutako kultura ugari ditugu».
Auzo garestia izanda, etorkin familia gutxi baditu ere, harrera beroa jaso duela dio. «Antigua herri txiki baten modukoa da eta horren parte sentitzen naiz. Kaletik noanean agurtzen naute, nire haurrak zaintzen dituzte, eskola hemen dago…».
Argia eta makulua
Hain zuzen ere, Jakintza ikastolan topatu du lanak ematen ez dion sozializatu, sortu eta tokikotzeko aukera; zehazki, Ongi Etorri Eskolara ekimenaren Familia Laguna programan. Bitartekaria da, hau da, familientzat erreferentziazko pertsona. Berak identifikatu eta parte hartzera animatzen ditu, jardueren berri emanez edo gogoraraziz. Irribarrea edo aurpegi atsegin bat eskainiz, eskolaren parte senti daitezen.
Iritsi berritan, parte hartzeko aukera eman zioten, baina lehen urtean ez zuen tokiko familiarik lagun izan, beraz, eskolako festak antolatzen laguntzen duen boluntario taldean sartu zen. Iaz, berriz, seme txikienaren mailako familia batekin elkartu zuten: «Zoragarria da, oso ondo moldatzen gara». Irteerak eta otorduak partekatu zituzten, eta bertako kultura ulertzeko «giltzarri» izan dela uste du. Orain, papera aldatu, eta Paraguaitik datorren ama eta bere seme nerabearen familia laguna izango da. «Sentitu dudana sentiarazi nahi dut. Denok ez dugu programak ematen diguna adierazteko aukera. Nire asmoa da horren alde polita erakustea, migratzaile gisa zertarako balio dion bertan parte hartzeak».
«Nire asmoa da horren alde polita erakustea, migratzaile gisa zertarako balio dion bertan parte hartzeak»
Hiru urteotan, «oso baliagarriak» izan zaizkion jardueretan parte hartu du eta auzoetako baliabideak, Bageraren eskaintza, Emakumeen Etxearena, eta beste elkarte askorena ezagutu ditu. Gastronomiari lotutako ekimenak nabarmendu ditu, hemengo janaria jatea asko kostatzen zaiolako, baina baita ikasteko aukeragatik ere: «Leku batekoa probatu, ikusi, aztertu eta ezagutu». Halaber, Vivasek asko eskertzen dio Ongi Etorri Eskolara egitasmoari bere semeei beste jatorri batzuetako haurrekin eta euskararekin harremana izateko atea ireki izana. Bera ere saiatu da euskara ikasten, pixka bat badaki; baina ez zaio erraza egiten. «Nire frustrazio handiena da», onartu du.

Aitortu duenez, gizarteratzeko ezinbesteko izan ditu bai Familia Laguna programa, bai Lorea txiki txokoa — «Amaran dagoen emakumezko haur txoko bat»–; «lur jota» zegoen unean, bertako emakume askoren babesa izan baitu. «Ongi Etorri Eskolara nire makulua izan da. Bizirauteko funtzioan iristen gara, dena ilun bihurtzen da, eta irten ahal izateko argi bat izan da. Zoriontasun pixka bat eman dit».
Esanahiak eraldatu
Elkarrizketa osoan itzulingururik gabe hitz egin du Vivasek migrazio prozesuaz, behin eta berriro bueltatuta. Migrazioa bere bizitzan oso presente egon bada ere, ez zuen aukeratzat. Lanpostu on bat zuen eta amak Suitzatik bidaltzen zion diruari esker, ondo bizitzeko aukera. Banatuta bizi behar izan zuten, eta ondorioz, ama ez du ama gisa aitortzen, «hornitzaile» gisa baizik. «Tristea da». Horregatik, argi zuen joanez gero, semeekin izango zela, «kosta ahala kosta». Amagandik aldendu zuen prozesuak, paradoxikoki, amatasunari lotzen lagundu dio. «Kolonbian fokua galdu nuen, nire bizitzarekin jarraitu nuen, amatasunetik oso deskonektatuta. Migrazio prozesuari oso eskertua nago, nire semeen bizitzan beste modu batean parte hartzea ekarri didalako, eta haiek nirean».
«Polita iruditzen zait hizkuntza eta kultura babesteko baliabideak jartzea. Kolonbian halakorik ez dago»
Hiru urte daramatza Vivasek jaioterrira bueltatu gabe, eta, jada, ez da ez hango, ez hemengo sentitzen. Ahalegina egiten du gizartearen parte izateko eta bere semeek ere errespetuz egin dezaten. Hain zuzen ere, migrazioa beste ikuspuntu batetik begiratu eta erakutsi behar delakoan dago; bertakoek eta beste jatorrietakoek uler dezaten parte izatera datozela. Pertsona migratuek hemen egoteko aukera «zaindu» behar dutela dio, jaioterrian ez dituzten abaguneak eta zerbitzuak dituztelako; baina, aldi berean, aitortu egin behar zaiela gizarteak aurrera jarraitzeko egiten duten ekarpena. Festek migrazioa beste modu batera islatzeko balio dutela sinetsita dago, elkar ezagutzeko aukera ematen baitute. Izan ere, bere hitzetan, ezagutza falta baita aurreiritzi eta ideia okerren sorburua.
Edonola, bere ustez, parte hartzea eta gizarteratzea asko baldintzatzen dute migratzeko arrazoiak eta jatorriak. «Familia gutxik migratzen dute kultur trukeagatik edo lanagatik. Eta ez da gauza bera Alemaniatik hona etortzea, pribilegio batzuk badituzunean, edo Palestina edo Marokotik datorren norbaitek dituen beharrekin».

Panbonoa eta enpanadak, jaioterriko plater ikurrak
Pintxo taberna batean lan egiten du sukaldari moduan; platerak prestatzen ditu, baina ez ditu sortzen. Sukaldari lana ez du gustuko, baina su artean ibiltzearen zale bada Magnolia Vivas. Horregatik, bere herrialdeko janariak prestatu ohi ditu Familia Laguna programaren barruan egiten dituzten ekimen gastronomikoetan.
Caliko plater ezagunenetako enpanada da halakoetarako bere aukera. «Asko gustatzen zaie», baieztatu du, eta horren erakusgarri aipatu du 300 egitera heldu dela. Xumea bada ere, «zoragarria» dela dio. Arto irinez, urez, espeziaz eta gatzez egindako orea da. Adobatzeko, atxiotea jartzen diote, hori koloreko margogai naturala. Lautu, eta erretako patataz eta haragiz betetzen dute. Gero, ilargi erdi itxura eman eta frijitu egiten dute.
Lagungarri gisa, saltsa bat eraman ohi du. Eta halakoetan, beharrezkoa izaten da ogia, noski. Zehazki, pandebonoa. Cauca Harana departamenduko bereizgarria bada ere, Kolonbia osoan prestatzen da. Bere jatorria Cauca Harana eskualdean dago, Calitik Buenaventurara zeraman bide zaharrean. «Iaz, munduko bigarren ogi onena izendatu zuten», zehaztu du Vivasek, bere ontasunetako batzuk aipatu aurretik: «Ez du glutenik, ezta prozesatutakorik ere. Osasungarria da, baina oso gustagarria». Gainera, egiten oso erraza dela dio. Berak festetan elkarteetan kozinatzen edo jaten dutenean egiten du.
Ogia deitzen zaion arren, ez da benetan ogia. Biribilak eta uztai itxurakoak egin ohi dira, baina tradizionala tira motza da. Prestaketan ez da gari irinik erabiltzen, arto fekula baizik, jukazko almidoi hartzituarekin, gaztarekin eta arrautzarekin batera. Oratu ondoren, zati txikiak eratzen dira, normalean txikituak, eta gero labean sartzen dira.


