Bertso saio bikoitzarekin abiatuko dituzte festak
Jai batzordea biziberritu osteko egitaraua prestatu dute Ibaetako jaietarako. Bihar hasi eta datorren asteburura bitarte luzatuko dira, adin tarte guztientzako jarduerekin. Dagoeneko zain dute aingerua.
Aingeru Zaindariaren eguneko erromeria, pasa den urtean.Xalba Ramirez Cruz Goian hasten dira Ibaetako jaiak, Aingeru Zaindariaren ermita inguruan. Behera ere jaitsiko diren arren, festa giroa maila gorenean mantendu nahi dute. Horretarako, zortzi eguneko egitaraua prestatu du jai batzordeak. Berritasun nagusiak, berriz, bi izango dira. Batetik, martxoaren 1eko Aingeru Zaindariaren eguneko bertso saio bikoitza, eta, bestetik, mus txapelketa azkarra.
Meza, salda, erromeria, dantza, bertsoak, jan-edana… eta festa. Horrela abiatuko dira etzi Ibaetako jaiak, bezperan Arrikitaun tabernan egingo duten beroketa andaluziarraren ondoren. Beste urtebetez, eguerdiko bertso saio klasikoa ez da faltako ermitaren alboan, laukote are klasikoagoarekin. Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak Sebastian Lizasorekin eta Andoni Egañarekin ariko dira kantuan. Eguneko lehen saioa izango da, baina ez azkena.
«Lehen aldiz, bigarren bertso saio bat antolatu dugu», nabarmendu du Eider Irazabalbeitia jai batzordeko kideak. Hau, ordea, Lautximeneta frontoian izango da. «Igandea izanik, eguna luzatzea erabaki dugu, eta herri kirolen jaialdia astebete aurreratzea. Horrela, bigarren bertso saioa ikusi nahi dutenek aizkolarien eta harri jasotzaileen desafioez gozatzeko aukera izango dute», azaldu du Irazabalbeitiak.
Mus azkarra eta zinta lasterketa
Jaietako ostirala da famatuena. Hain zuzen ere, martxoaren 6ko programak nobedade erakargarri bat izango du: mus txapelketa azkarra lau erregetara. «Aratz erretegiak antolatu ohi zuen, eta egitarauan sartzea erabaki dugu. Halere, Illarra Berri elkartean egingo dugu, eta espero dugu harrera ona izatea», dio Irazabalbeitiak. Auzoko helduei eta adinekoei begira antolatu dute.
Ostiraleko jarduera ikusgarriena, berriz, beste bat izango da: «Zinta lasterketan parte hartzera jende asko etortzen da beste auzoetatik. Horretarako, bizikleta bat eta boligrafo edo makil bat behar da. Uztai batzuk jartzen ditugu egurrezko langa batetik zintzilik, eta horietan sartu behar da. Sari potoloak eskura daitezke; bazkari bat edo komuneko papera». Goizaldean izanik, istripu bat edo beste gertatzen dela aitortu du Irazabalbeitiak.
Martxoaren 7an, berriz, harrera ona izan ohi duen krosa egingo dute, arratsaldean. Parte hartzen duten ausartek Aingeru Zaindariaren ermitaraino igo beharko dute. Txokolate eta sardina jana ere egingo dute, danborrada herrikoiarekin batera. Eguna borobiltzeko, rock kontzertua antolatu dute Lautximeneta frontoian. «Hiru talde on ariko dira zuzenean: Ezpalak, Udda eta Bide Batez. Ondoren, La Fulana DJ-a izango dugu, berriz ere. Pasa den urtean, oso gustura ibili zen jendea berarekin, eta errepikatzea erabaki dugu», esan du Irazabalbeitiak.
Martxoaren 8an eta 9an borobilduko dituzte Ibaetako jaiak, nahiz eta herri kirolen jaialdia aurreratzeak egitaraua murriztu. «Ondorioz, Ibai ikastolako haurren Dantzaokea izango da jaietako azken jarduera», dio jai batzordeko kideak. Eskolarteko haur krosa, patata tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa ez dira faltako.
Gazteak gogotsu
Ibaetako jai batzordea gaztetzen ari da urtetik urtera. «Baita biziberritzen ere», esan du Irazabalbeitiak: «Jai batzordera sartu berri diren auzoko gazteek 16-17 urte dituzte, eta oso gogotsu daude ekarpenak egiteko. Horrela ere, oraindik heldu eta adineko asko daude jai batzordean. Zaharrenak 70 urtetik gora ditu. Adin tarte zabal horrek aukera ematen digu egitaraua orekatzeko».


