Txuri Urdineko mutilek ere titulurako lehia hasiko dute
Txuri Urdineko neskek ezustekoa eman nahi dute Majadahondan. Bera Bera eta Ibaeta Basket etxean ariko dira, eta Reala arerioaren zelaian.
Txuri Urdineko mutilak liga erregularreko azken partidan.Txuri Urdin Laugarren tokian bukatu zuten liga erregularra Txuri Urdineko mutilek, baita neskek ere. Ondorioz, titulurako finalerdietan Puigcerda izango dute arerio, liga lehen postuan bukatu zuen taldea. Gainera, haien pistan hasiko dute lehia lehen bi partidekin, bihar 22:00etan, eta etzi 15:30ean. Ezustekoa ematen ahaleginduko dira, finalera iristeko bost neurketetatik hiru irabazi behar direlako. Txuri Urdineko neskek, berriz, finalerdietako bigarren partida jokatuko dute bihar Majadahondan, 14:45ean. Irabaziko balute, hirugarren partida etzi izango lukete, leku berean, 13:30ean. Aldiz, galduko balute, lehiatik at geratuko lirateke, lehen partida madrildarrek irabazi zutelako.
Eskubaloian, Bera Berak Errioxa hartuko du Gaska kiroldegian, bihar, 19:45ean. Neurketa berezia izango da, batez ere, Maitane Etxeberria kapitainarentzat. 400 partida jokatuko du Donostiako eskubaloi taldearekin. Garaipen batekin ospatu nahi izango du, eskura duten lidergotik ez urruntzeko.
Futbolean, Realako mutilek soilik jokatuko dute asteburuan. Txuri-urdinak Mallorcaren aurka ariko dira bihar, Son Moix futbol zelaian (18:30). Entrenatzailea aldatu berri du aurkariak, eta, beraz, bestelako faktoreen kontra ariko da Reala. Esan ohi denez, entrenatzaile berria estreinatzeak garaipen ziurra dakar. Ez dadila horrela izan, sailkapenean gora egiten jarraitzeko ezinbesteko hiru puntu egongo direlako jokoan. Dena dela, ez da ahaztu behar datorren asteko asteazkenean, Athleticen aurkako kopako finalerdietako itzulerakoa jokatuko dela Anoetan. Bihar ikusiko da entrenatzaileak eta taldeak zein partida lehenesten duen.
Saskibaloian, Ibaeta Basket izango da jokatuko duen hiriko ordezkari bakarra. Etxetik kanpo irabazi berritan, Gaskan Zaragoza mendean hartzen ahaleginduko dira, bihar, 17:00etan.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Lehen partida: Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)
- Bigarren partida: Puigcerda – Txuri Urdin (etzi, igandea, 15:30)
Emakumezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Bigarren partida: Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 14:45)
- Hirugarren partida (behar bada): Majadahonda – Txuri Urdin (etzi, igandea, 13:30)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 21. jardunaldia
- Bera Bera – Errioxa (bihar, larunbata, 19:45)
Futbola
Gizonezkoen liga, 26. jardunaldia
- Mallorca – Reala (bihar, larunbata, 18:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 23. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Zaragoza (bihar, larunbata, 17:00)
