Zerk egingo gaituen aske? Ekologia pirata batek!
Fatima Ouassaken 'Ekologia pirata baten alde. Eta aske izango gara' liburua argitaratu du Katakrakek, Leire Mendiburu itzultzailearekin.
Duela bi aste, Kaxildan izan zen Andrea Staid antropologo italiarra, eta Fatima Ouassaken Ekologia pirata baten alde liburua gomendatu zuen, frantsesez bazegoena. Bada, berak jakin ez arren, gaur, euskaraz argitaratu du Katakrak argitaletxeak, Leire Mendiburu itzultzailearekin.
Pirataren konnotazioak aspaldi utzi zion negatiboa izateari Euskal Herrian, eta, batez ere, Donostian. Haurrek ere ondotxo dakite One Piece-ko piratak direla “aske egingo gaituztenak”. Bada, hain zuzen, askatasunaren eta haurren etorkizunaren aldeko jarrera da Ouassakek proposatzen duen ekologia pirata hau.
Baina badu galdera berezi bat liburua eta proposamena zeharkatzen dituena. Marokoarra jaiotzez, Ouassakek badaki zer den “lehenengo eta bigarren belaunaldiko migratzaile” izatea, eta, horregatik, kontziente da “gehiengoaren ekologiak” baztertu dituela auzo herrikoietako biztanleak –migranteak, gehien-gehienak–: “Ez daude arriskuan dagoen lurra babesteko posizioan, lur horretan ez dutelako gauzak aldarazteko inongo botererik. Hiri-auzo herrikoietan, auzo ekologikoa ezin da izan lurra babestea –hots, ingurumena, natura, biziduna babestea–; auzia askapenarena izan behar da”.
Hain zuzen, Mendiburuk zehaztu duenez, mugimendu ekologistak “axaleko” proposamenak egiten dizkie langile auzoetako biztanleei: birziklatzea, hegazkinez ez bidaiatzea, bizikletan ibiltzea… Eta oso bestelakoak dira garaiak dituen erronkak. Irudimenaren bitartez, haurrentzat, migratzaileentzat, eta beraz, langile klase osoarentzat proposamena da ekologia pirata hau.
Honelaxe ixten du liburua Ouassakek, hain zuzen: “Nire seme-alabei eskaintzen diet; kezkatuta baina esperantzaz beteta dagoen herensuge indartsu batek bere bi piratatxo ausartei egindako oparia da”.
Ildo ekologista
Katakrak argitaletxeko Hedoi Etxarte editoreak azaldu duenez, argitaletxearen ildo ekologista indartzera dator liburu hau. Abenduaren ertzetan argitaratu berri dute Frantziatik ere datorren Lurraren Altxamenduen inguruko liburu mardula: Lehen astinduak. Iraultza ekologista bat (Itzultzailea:Eider Beobide). Ekintza zuzenaren eta familia osoaren antolakuntza oinarri hartuta, proposamen berriak eraikitzeko “eztabaida piztea” du xede argitaletxeak.
Liburu hau “gonbidapen bat da, Lurrare defentsan, natiboez gain, migranteekin eta haien seme-alabekin batera borrokatzeko, irudimena eta samurtasuna lagun”.
