Amara Berriko auzotarrak kalera atera dira, alkatearen erabakia onetsi ondoren
Topoa estaltzeko manifestazioa, Amara Berrin.EH Bildu Anoeta eta Morlans bitarteko topoaren trenbidea zatia estaltzeko aurreproiektu bat eskatu du Jon Insausti alkateak. ABAE Amara Berriko Auzo Elkarteak pozik hartu du erabakia, baina mobilizazioekin jarraitzea erabaki du. Horrela, beste manifestazio bat egin zuten atzo eguerdian, “topoaren zarata jasaten duten auzoko bizilagunen atsedenerako eskubidea defendatzeko”.
Alkateak otsailaren 25ean, Amara Berrin bertan, iragarri zuen harturiko konpromisoa Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziarekin eta Idoia Gracia Auzoetako zinegotziarekin. “Espero dugu denon artean argazki berri hori lortzea eta arazoak amaitzea”, adierazi zuen auzo elkarteak alkatearen agerraldian.
EH Bilduko ordezkariak atzoko manifestazioan parte hartu zuten, eta trenbidea estaltzeko eskaerarekin bat egin zuten. Amara Berri auzoa eta bizilagunak babestu ditugu trenbideak estaltzeko borrokan. Iragarpenak iragarpen, hauek gertutik segituko ditugu, EH Bilduren konpromisoa bizirik dago”, azaldu du Garbiñe Alkiza zinegotziak.
Adostasunaz, konpromisoaz eta esker onaz harago, Amara Berriko auzotarrek denbora asko daramate arazoa konpontzeko eskatzen: “Topo bat 3,5 minutuero 05:00etatik 23:30era, gehi etorkizuneko merkantzia trenak, egoera jasanezina eta zuzengabea da. Amara Berritik igarotzen den trenbidea estaltzea nahi dugu, baita goialdean oinezkoentzako pasealeku bat eraikitzea ere”.
Hainbat mobilizazio egin dituzte, udal gobernuarekin hainbat bilera egin dituzte, eta, azkenik, badirudi konponbiderantz abiatu direla.
