Emakumeen Etxeak udalak eskainitako lekualdatze aukerak baztertu ditu
Grosen behin-behineko egoitza kokatzeari uko egin izana deitoratu du Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak.
Okendo kalean dago Emakumeen Etxea. Donostiako Emakumeen Etxeko batzarrak erabaki du Donostiako Udalak berriki egindako lekualdatze proposamenak baztertzea, iritzita eskainitako espazioek ez dietela proiektuaren egiturazko eta funtzional beharrei behar bezala erantzuten. Erabakia proposatutako kokalekuak bertatik bertara bisitatu eta aztertu ondoren hartu dute. Hala nola, Loiolako Erriberako eremu bat eta Agirre Miramon kaleko udal lokal bat.
Elkarteak azaldu du Emakumeen Etxeak irisgarritasuna, zentralitatea, ordezkaritza izaera eta osasungarritasuna bermatuko dituen espazio bat behar duela, topagune eta jarduera komunitarioetarako espazioa denez. Batzarraren arabera, aztertutako aukerek ez dituzte baldintza horiek betetzen. Batzarrak argitu du espazioak bertatik bertara aztertu ondoren hartu dutela erabakia, eta irizpide tekniko eta funtzionaletan oinarritu dela soilik.
Emakumeen Etxeak ohar hau plazaratu du Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak egindako adierazpenen ondoren. Hain zuzen ere, Oiarbidek deitoratu du Groseko Agirre Miramon kalean dagoen lokala behin-behineko egoitza gisa onartzeari uko egin izana. Era berean, nabarmendu du Groseko lokalak bikoiztu egiten dituela Okendoko egungo egoitzaren neurriak, eta bermatu egingo lituzkeela eskatzen diren espazio, irisgarritasun, osasungarritasun eta pribatutasun baldintzak. “Zinegotzi honen ahalegin pertsonala da batzarrak planteatutako baldintzak bete ditzakeen eta proiektu hori amaitu arte alternatiba bat eskaintzea ahalbidetuko duen kokaleku bat bilatzea. Hala ere, eta tamalez, Udalak ez du gaur egun Emakumeen Etxeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituen eraikinik”, adierazi du Oiarbidek.
Groseko lokalari dagokionez, Emakumeen Etxeak nabarmendu du espazio irekia dela, administrazio zerbitzuetarako pentsatua, eta horrek ez duela bermatzen aholkularitza espezializatuetarako behar den pribatutasuna, ezta aldi berean jarduera desberdinak egiteko gune bereizirik ere. Ondorioz, ez ditu behar horiek betetzen. Bestalde, batukada edo abesbatza bezalako ekimenek akustika eta edukiera egokiak behar dituzte, eta eraikinak ez ditu baldintza horiek eskaintzen. Era berean, ez da egokia terapia-antzerkiak, batzarrak edo indarkeria matxista pairatu duten emakumeentzako talde terapiak egiteko.
Loiolako Erriberako kokalekua baztertzeko arrazoiak ere eman dituzte. Batzarraren ustez, ez du proiektuaren egoitzak izan beharko lukeen zentralitaterik eta balio sinbolikorik. Gainera, irisgarritasunari lotutako zailtasunak eta bide-azpiegituren hurbiltasuna aipatu dituzte, kokalekuaren egokitasuna zalantzan jartzen duten faktore gisa.
Emakumeen Etxeak azaldu du bere jarduerak egitura zehatz bat eskatzen duela: harrera gune zabala, arreta pribatu eta espezializaturako gelak, prestakuntzarako ikasgelak eta edukiera handiko aretoak, batzarrak eta jarduera kolektiboak egiteko. Azpimarratu dute euren jarduna ez dela udal-informaziorako gune soil bat, eta, beraz, bestelako eskakizunak dituela.
Hamabost urte baino gehiago
Egoitzaren inguruko eztabaida Okendo kaleko egungo kokalekuan hamabost urte baino gehiagoz luzatu den behin-behinekotasun egoeraren baitan kokatzen da. 2023an, Donostiako Udalbatzak Amara kaleko behin betiko kokapena onartu zuen, baina, batzarraren esanetan, proiektua oraindik ez da gauzatu. 2025eko amaieran, Loiolako Erribera behin betiko alternatiba gisa proposatu zuen udalak, eta iragan otsailaren 17an Agirre Miramongo espazioa behin-behineko irtenbide gisa. Testuinguru horretan, batzarrak berriro azpimarratu du beharrezkoa dela egonkortasuna, egokitasun funtzionala eta epe luzerako bideragarritasuna bermatuko dituen proposamen bat.
