Ermitako pulpituari so, eta jan-edanen eskean
Aingeru Zaindariaren egun eguzkitsuaz gozatu dute Ibaetan gora egin duten herritar askok. Baita goizeko bertso saio bihurriaz ere.
Ermita inguruko eremua txikitu behar izan duten arren, jendeak giro apartaz gozatzeko aukera izan du.Inaxio Esnaola Goian da saria, eta baita ere zaindaria. Martxoaren lehena behar den moduan ospatu dute Ibaetako jaietan. Aingeru Zaindariaren egunak fededunak, eta, batez ere, fede oneko herritarrak elkartu ditu egunaren izen bera duen ermitaren bueltan. Pareko etxean egiten ari diren lanek eremua nabarmen mugatu eta estutu badute ere, denak kabitu dira.
Meza osteko saldak piztu du bisitarien gosea, eta tabernan ez dute atsedenik hartzeko astirik izan. Bitartean, trikitilariek girotu dute goiza, ohiko eguerdiko bertso saioaren aurretik. Agertokia da halabeharrez aldatu behar izan dutena. Plaza eta oholtza faltan, ermitaren aurrealdean jarri dira musikariak eta bertsolariak. Leku faltagatik, dantza saiorik ez da izan, baina antolatzaileek datorren urtean berreskuratzeko asmoa agertu dute.
Jan-edanen artean, apokalipsirik iragartzeko asmorik gabeko lau zaldizkoak igo dira ermita aurreko aldarera. Ohiko lauak, ezker-eskuin: Sebastian Lizaso, Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Unai Gaztelumendi. Bi aita eta bi aitona, haiek aitortu dutenez. Elkarri zirika aritu dira, gustuko duten moduan. Batetik, bi beteranoek txapela eraman dutelako, soilduriko buruak estaltzeko. Bestetik, aita izan berri den Beñati, pixoihalak jartzen badakien eta lorik egiten ote duen galdegin diote. Ordea, dagoeneko bi seme-alaba dituen Unai anaiak esan du haren ilobak zortziko txikian egiten duela negar.
Iazko urrian zendu zen Joxe Mari Gorritiberea Gorriti zumaiarra ere gogora ekarri dute, haren animaliekin urtetan parte hartu zuelako Aingeru Zaindariaren egunean. Horrez gain, iazko mozorro festa aipatu dute –Egañak aurpegi zuriko pailazoz jantzita zer esana eman zuen—, festek inauteriekin bat egin zutelako. Bukatzeko, berriz, puntutan aritu dira giroaz, tabernak izandako arrakastaz, fedeaz, okupazioaz eta beste.
Goizeko giroaren argazkiak jarraian ikus ditzakezue:
