Nagore Aranburuk eta Jose Ramon Soroizek Goya saria eskuratu dute
Nagore Aranburu hunkituta, Goya saria eskuan duela.Goya Sariak Euskal aktoreen gaua izan zen atzokoa. 40. Goya sarien ekitaldia egin zuen Espainiako Zinema Akademiak, Bartzelonan. Donostiarrak ez diren, baina Donostian bizitzen urteak daramatzaten bi aktorek eskuratu zuten Goya saria: Nagore Aranburu azpeitiarrak taldeko emakumezko aktorerik onenarena, eta Jose Ramon Soroiz legorretarrak aktore protagonistarik onenarena.
Aranburu izan zen oholtzara igotzen lehena. Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren Los domingos filmean egindako lan onagatik jaso zuen saria. Oso hunkituta agertu zen garaikurrarekin, eta esker oneko hitzak izan zituen pelikulako lantaldearentzat. Aldiz, etxekoei eskaini zien saria, eta deigarria izan zen haren amari zuzendu zion mezua, Azpeitian xanpain botila ireki zezakeela esanez.
Soroizek, berriz, beste aktore ezagunagoen hautagaitzak gaindituta jaso zuen Goya saria, espero zen arren. Moriarti ekoiztetxe donostiarreko Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzenduriko Maspalomas filmari esker izan zen. Asko zor dio Vicenteri, pelikulako protagonistari, bere aktore ibilbide luzeko antzezpen onena delako, ziurrenik. Aipatzekoa da Goyaren aurretik, Donostiako Zilarrezko Maskorra, Forque saria eta Feroz saria ere jaso zituela.
Hitzartze laburra bezain esanguratsua egin zuen Soroizek, ia guztia euskara hutsean. Zuzendariei, lantaldeari, familiari eta hari egindako aitortzengatik poztu diren guztiei eskerrak eman zizkien Soroizek, eta baita akademiari ere: “Oso zoriontsu egin nauzue, eta oxala munduko Bixente guztiak ere hala izatea”.

