Liderra estu hartu du Ibaeta Basketek
Txuri Urdineko neskak titulurako lehiatik kanpo geratu dira, eta mutilek aurrera jarraitzen dute. Bera Berak eta Realeko mutilek, berriz, irabazi egin dute asteburuan.
Ibaeta Basketen eta Zaragozaren arteko norgehiagoka.Ibaeta Basket Ezustekoa ematen saiatu arren, Ibaeta Basketek galdu egin zuen Zaragoza liderraren aurka, Gaska kiroldegian (73-83). Emaitzak islatzen duena baino gertuago izan zuten garaipena, atsedenaldira markagailuan aurretik iritsi zirelako donostiarrak. Ordea, bigarren zatian partzial erabakigarria (18-30) lortu zuen Aragoiko taldeak, eta ezin izan zioten horri buelta eman.
Izotz hockeyan, bukatu da Txuri Urdineko nesken ligako ibilbidea. Titulurako finalerdietan, Majadahonda liderra egokitu zitzaien, eta etxean jokaturiko lehen partida galdu ostean, madrildarren izotz pistan ere galdu egin zuten (3-1). Kopa da geratzen zaien txapelketa sasoi honetan tituluren bat eskuratzeko. Txuri Urdineko mutilek, berriz, ondo hasi dute titulurako kanporaketa. Finalerdietako lehen bi neurketak jokatu dituzte asteburuan, Puigcerdaren izotz pistan —liga erregularreko txapelduna—. Lehena irabazi egin zuten larunbatean (2-4), baina bigarrena galdu egin zuten atzo (6-3). Hurrengo bi neurketak Donostian jokatuko dituzte, eta biak irabaziz gero, finalera sailkatuko lirateke.
Eskubaloian, Bera Berak garaipen batekin ospatu zuen Maitane Etxeberria kapitainaren 400. partida. Errioxa hartu zuten mendean, Gaska kiroldegian (21-16). Dena dela, garaipena zertxobait ilundu da astelehenarekin. Izan ere, Imanol Alvarez entrenatzaileak ez du klubean jarraituko datorren denboraldian. Ordezko on bat topatu beharko dute Donostiako eskubaloi taldeak lehiakortasunari eusteko.
Futbolean, Realak hiru puntu oso garrantzitsu eskuratu zituen Mallorcaren zelaian (0-1). Neurketa bikaina jokatu gabe, txuri-urdinak oso eraginkorrak izan ziren jaitsiera postuetan dagoen aurkariarekin aurka. Herenegun jokatuko den kopako finalerdietako itzulerarako baliagarria izango da garaipena, konfiantzarekin iritsiko direlako partida erabakigarrira.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 23. jardunaldia
- Ibaeta Basket 73 – Zaragoza 83
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Lehen partida: Puigcerda 2 – Txuri Urdin 4
- Bigarren partida: Puigcerda 6 – Txuri Urdin 3
Emakumezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Bigarren partida: Majadahonda 3 – Txuri Urdin 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 21. jardunaldia
- Bera Bera 21 – Errioxa 16
Futbola
Gizonezkoen liga, 26. jardunaldia
- Mallorca 0 – Reala 1
