Martin Segurolak urrea eta Irati Mitxelenak zilarra, Espainiako txapelketan
Martin Segurola, 3.000 metroko lasterketan.Sportmedia Valentzian jokaturiko pista estaliko Espainiako txapelketan, bi atleta donostiar nabarmendu dira. Martin Segurolak 3.000 metroko lasterketa irabazi eta urrezko domina eskuratu zuen. Irati Mitxelenak, berriz, urrea eskura izan arren, zilarra lortu zuen luzera jauzian.
Realarekin pista estaliko kluben arteko Espainiako Kopa lehen aldiz irabazi ostean, Segurolak sasoi puntu paregabea berretsi zuen Valentziako Luis Puig velodromoan. Palmaresa urrezko dominarekin estreinatu zuen denbora onarekin (07:49.56). Pol Oriach iazko txapelduna eta Yahya Aouina menderatu zituen.

Irati Mitxelena podiumean —ezkerretik lehena—, Fatima Diamerekin eta Jeniffer Yankeyrekin.Sportmedia
Donostiako Atletikoko Mitxelenak oso gertu izan zuen urrezko domina luzera jauzian, baina azken unean kendu zion Fatima Diame valentziarrak. Azken jauzian hartu zion aurrea donostiarrari, 6,62 metroko jauzi irabazlearekin. 6,54 metroko jauzia egin zuen Mitxelenak, eta, gutxienez, zilarra ziurtatzeko baliagarria izan zen. Ezin izan zuen iragan urtarrilean lorturiko 6,76 metroko jauzi ikusgarria errepikatu. Brontzea, berriz, Jennifer Yankey valentziarrak lortu zuen.
