Martxoaren 8a «ospatzeko eta aldarrikatzeko» kanpaina berria jarri du abian udalak
Paula Guerrero ilustratzailearen aurtengo kartelak borroka feministaren indarra jasotzen du.
Aurten ere, Donostiako Udalak kanpaina bat jarri du abian, Martxoaren 8a “ospatzeko”. Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duen bezala, “kanpaina horretan, programatutako ekitaldi eta jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eta gizarteko esparru guztietan diskriminazioa eta genero indarkeria amaitzeko aldarrikatzeko”.
Azken urteetan bezala, Berdintasun Sailak programa bakar batean bildu ditu Martxoaren 8aren bueltan hirian zehar antolatutako jarduera eta ekintzak. Ekimen hauek emakumeen elkarteek eta mugimendu feministako elkarteek, Donostiako haurtxoko eta gaztelekuek, Donostia Kulturak eta Musika eta Dantza Eskolak antolatu dituzte. Programa webgunean ere kontsulta daiteke.
Aurtengo kartela
Borroka feministaren indarra jaso nahi izan du Paula Guerrero ilustratzaileak kartelean. Sortzaileak bere diseinuekin irudikatu nahi izan du “zarata egitearen garrantzia, ahotsak duen boterea desinformazioaren eta diskurtso erreakzionarioen aurka”: “Matxismoa, zelatan dagoen munstro likatsu batek irudikatzen du. Gure oihuek murriztu egiten dute. Azken irudian, ahotsa altxatzearen emaitza, zizare zanpatu txiki bat da matxismo hori, aurreko munstroaren karikatura bat, eta bere inguruan horman zehar hedatzen den landare bat ernatu da”.
Paula Guerrerok (Extremadura, Espainia, 1996) komikigiletzat du bere burua, beste definizio batzuen aurretik. Horregatik, bere marrazki edo ilustrazioek asko dute hizkuntza horretatik. Autoedizioaren logikei jarraituz hasi zuen bere praktika, eta fanzineek eskaintzen dioten askatasun hori beste proiektu batzuetara eramaten saiatzen da ahal duen guztietan. Aurten bere lehen komikia argitaratuko du APA-APA argitaletxearekin, Sedienta izenburuduna.
2025ean GRAFerako kartela egin du, Còmic independent i autoedició jaialdikoa (Bartzelona). Bertan egin du Sangre Fresca bakarkako lehen erakusketa. 2024an, Tabakalerako (Donostia) Jardun Artistikoentzako Institutuan (JAI) parte hartu du, eta komikiak egin ditu BizkaiaTech eta Eremuak #11 aldizkarietarako, baita Bilbaoarte Fundazioaren Ate Irekien jardunaldietarako argitalpen bat ere, 2022an egoiliar gisa izandako esperientziari buruzkoa. 2023an Reina Sofia Museoko (Madril, Espainia) Maquinaciones erakusketako kartela egin zuen. Bere komikiak 2018tik hona autoeditatu ditu, eta hainbat azoka grafikotan banatu.
V. Berdintasun plana
Donostiako Udalaren aurtengo kanpainak balioan jarri nahi du Berdintasun Sailak ildo horretan egiten duen lana eta ekarpena. Donostiako Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren bidez eta III. Barne Berdintasunerako Planaren bidez.
Lehenengoak, hiriak berdintasunarekin duen konpromisoa jasotzen du emakumeen eta gizonen berdintasuna politika publikoen erdigunean kokatzeko bidean. Plan hau tresna berria da egungo testuingurura egokitzeko eta etorkizuneko erronka berriei heltzeko, orain arteko plan estrategikoei lortutako aurrerapenak sendotuz. Aurreko planetan, udal arlo guztietan pixkanaka berdintasun politikak diseinatu eta ezarri dira: “Helburu hori lortzeko hainbat tresna daude: genero ikuspegia duten aurrekontuak, genero eraginari buruzko txostenak, kontratazio publikoan berdintasuna sustatzeko klausulak eta langileak prestatzeko programak, besteak beste”.
Donostiako Udalaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Barne Planaren testuinguruan (2025-2028), bestalde, sexu jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio eta jarduera protokoloa eguneratuko da, egungo araudi berrietara egokitzeko, aurreko esperientzietatik ikasitakoa txertatzeko eta tresna hori prebentziorako eta esku hartzeko tresna eraginkorragoa bihurtzeko. Donostiako Udalak urte asko daramatza genero-berdintasunaren aldeko konpromiso irmoa erakusten. Konpromiso hori udalaren barne antolamenduan garatutako berdintasun planetan islatu da. Testuinguru horretan, Donostiako Udaleko langileen aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko batzorde teknikoa funtsezko tresna da Planean aurreikusitako ekintzen jarraipena, ebaluazioa eta koherentzia bermatzeko.


