Finalerako koparekin topa egiteko gaua
Realak Athletic hartuko du Anoetan, Espainiako Kopako finalerdietako itzulerako partida erabakigarrian (21:00).
Beñat Turrientesek egin zuen joaneko partidako gol bakarra, San Mamesen.Reala San Mamesen erdiraino bete zuen kopa Realak, eta, Anoetan, goraino bete beharko du topa egin ahal izateko. Hau da, Espainiako Kopako finalera sailkatzeko. Finalerdietako itzulerako partida 21:00etan hasiko bada ere, askoz ere lehenagotik bizitzen ari dira txuri-urdinak. Eguna noiz iritsiko zain zeuden, Realeko jokalari eta teknikariekin batera, eta… gaur da eguna. Izan dadila ere gaua, helburua lortzeko momentua.
Athleticen kontrakoa, denboraldiko partida eta euskal derbi garrantzitsuena izango dela iragarri dute askok. Dena dela, kopako finala bera jokatzea litzateke sasoiko norgehiagoka esanguratsuena. Horretarako, txuri-urdinek joaneko gol bakarreko abantaila baliatu eta kudeatu beharko dute. Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak aurreratu du ez direla badutenarekin konformatuko. Beraz, Reala ausart eta irabaztera aterako dela aurreikusi daiteke. Izan ere, gaurko neurketa ere irabaztea da finalera iristeko emaitzarik onena. Berdintzeak ere balioko luke. Beraz, porrota da saihestu behar dena —eta aukeran, kanporaketa luzapenera zein penaltietara eramatea—.
Askok aipatu dute bi taldeek azkenekoz kopan jokaturiko finalerdia. 1987an izan zen, eta txuri-urdinek gol bakar bati esker kanporatu zituzten zuri-gorriak. Finala, berriz, Atletico Madrilen aurka jokatu zuten. Bina bukatu zen neurketa, eta penaltietan irabazi zuten txuri-urdinek.
Bitxia izan edo ez, gaur finalerako sailkatzen den taldeak Atletico Madril izango du arerio, apirilaren 18an, Sevillako La Cartuja futbol zelaian. Historia errepikatuko ote da?


