Igeldo hasi de bere energia berriztagarri propioa sortzen
Hiru urteren ostean, “malkartsua” izan den bide baten amaiera etorri da gaurkoan: Igeldoko Komunitate Energetikoak (IKE) bere lehen plaka fotovoltaikoak martxan jarri ditu. Horrelaxe jakinarazi du Nekane Urruzmendi IKEko lehendakariak, herritarrez eta erakundeez babestuta.
IKEk hiru urte daramatza lanean, eta 78 bazkide ditu egun, tartean, herriko sei enpresa eta bi elkarte. Beraz, lau instalazio fotovoltaiko hauek martxan jartzean, “Igeldoko familien ia herenaren kontsumo energetikoa jasangarriagoa dela” adierazi du Urruzmendik.
Halaxe nabarmendu dute, baita ere, Eneko Dorronsorok, Igeldoko Tokiko Erakundeko Txikiko ordezkariak, Iñigo Garciak Donostiako Ekologia zinegotziak eta Jose Ignacio Asensiok Aldundiko Jasangarritasuneko diputatuak.
Dorronsorok herritarrei eman dizkie eskerrak, erakundeen elkarlana errazteagatik. Garciak, norabide berean, herritarren protagonismoa nabarmendu du trantsizio ekologistan aurrera egiteko. Azkenik, Asensiok, igeldotarrak zoriondu ditu, egitasmo “aitzindaria” dela aitortuz. Asensiok esan duenez, hasieratik babestu dute proiektua, eta egitasmoarentzat 82.000 euro jarri dituztela gogora ekarri du, ia-ia osorik finantzatuz, alegia.
%100 berriztagarria lortzeko
IKE, Igeldoko Energia Komunitatea, energia berdea kontsumitzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Urruzmendik azaldu duenez, komunitatearen jarduera nagusia jatorri berriztagarriko energia ekoiztea da, bazkideek autokontsumitzeko: “Egungo energia eredua aldatzeko konpromisoa hartu dugu, pausoz pauso, Igeldon ere %100 eredu berriztagarria lortzeko”.
IKEren helburu nagusiak hoankoak dira: “energia subiranotasunean sakontzea, trantsizio sozioekologikoa sustatzea, igeldotarren izaeran sustraitua dugun auzolanaren bidez kostuak murriztu eta faktura elektrikoan aurreztea, pobrezia energetikoan bizi diren gure bizilagunen inklusioa sustatzea eta herritar guztien gizarte kohesioa bultzatzea”. Egitasmo hau Goienerren laguntzarekin burutu duten lehen proiektua da, bazkideen aportazioen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren diru laguntzen bidez finantziatua.


