Zaleen finalera iritsi da Reala
Txuri-urdinek Athletic menderatu dute Espainiako Kopako finalerdietako Anoetako itzulerakoan ere (0-1), eta Sevillan izango dira apirilaren 18an.
Realeko jokalariak, teknikariak eta langileak garaipena ospatzen, aldagelan.Reala Profezia betetzen ari da, eta soilik azken bulkada falta da. 1987an gertatu moduan, Realak Athletic kanporatu du Espainiako Kopako finalerdietan, eta, orduko arerio berbera topatuko du finalean: Atletico Madril. Apirilaren 18an izango da, Sevillako La Cartuja futbol estadioan, 21:00etan. 1987ko finala txuri-urdinek irabazi zuten, eta, aurten, hori bere errepikatzen saiatuko dira.
Ahaztezina bezain historikoa izan zen Realak atzo Anoetan lorturikoa. Lehen mailako euskal talde guztiak gainditu behar izan ditu kopako finaleraino iristeko. Athletic zen azken arerioa, eta gogorrena izango zela espero arren, ez da horrela izan. Txuri-urdinak zuri-gorriak baino askoz hobeak izan dira finalerdietako bi partidetan, eta merezimendu osoz eskuratu dute saria.
Milaka istorio ezagutuz, une ahaztezinak bihurtu leloarekin egin zion ongietorria Bultzada txuri-urdinak Realari, Anoetan. 38.000 pertsona baino gehiagok bizi ahal izan zuten partida erabakigarria, eta baita gozatu ere, bukaeran. Norgehiagoka lehiatua eta trabatua izan zen fase askotan, baina txuri-urdinek ez zuten kontrola galdu. San Mamesen lorturiko gol bakarreko abantailarekin jokatu zuten, baina beti arerioaren ateari begira. Athletic sendo aritu zen bi zatien hasieran, baina Realak defentsako lan ona egin zuen, eta erasoan min gehiago egiteko gaitasuna erakutsi zuen.
Aukera garbienak txuri-urdinek sortu zituzten, nahiz eta ate aurrean kamuts samar ibili. Urruneko jaurtiketekin eta kornerren bidez egindako burukadekin saiatu ziren lasaitasunaren gola egiten, bigarren zatiko penaltia iritsi zen arte. Yangel Herrerari kamisetatik heldu zion Iñigo Ruiz de Galarretak, eta epaileak telebistan ikusi behar izan zuen jokaldia, hainbatetan, penaltia adierazteko. Mikel Oiartzabal kapitainak ez zuen hutsik egin, eta 2021eko kopako finalean gertatu moduan, gol erabakigarria harena izan zen. Orri Oskarssonek eskura izan zuen bigarrena, eta Unai Marrero atezainak berdinketaren gola saihestu zuen. Bestalde, aipatzekoa da Jon Gorrotxategik egindako neurketa aparta, Beñat Turrientesekin eta Gonçalo Guedesekin batera.
Bad Bunnyren abesti baten moldaketak eraman omen du Reala Sevillara. Lorturikoa ikusita, ordea, aproposagoa da Fermin Muguruzaren Urrun kanta adierazgarria. Honela dio: “Dena dago urrun, nire etxeko atetik at / Sentikortasunik ez, sortasunean lagata”. Aitor Zabaleta bera aipatzen du, Atletico Madrilen zale faxistek erail zutena. Orain, Sevilla ez dago horren urrun, eta Zabaleta zale txuri-urdina omentzeko kopa da apirilaren 18an altxatu behar dena. Izan ere, jarraitzaileen finala izango da, 2021ekoa behar den moduan gozatzeko aukerarik izan ez zelako. Aurten, ordea, bai!



