«Ezinbestekoa da norberak hausnartzea bere posizioak nola eragiten duen»
Donostiako Bilgune Feministako kideak dira Irati Salsamendi (Aiete, 1991) eta Maialen Gomez (Zubieta, 1996). Martxoaren 8aren harira, azken urteotako oldarraldi erreakzionarioaz, feminismotik egin beharreko autokritikaz eta gizartearen eraldaketaz aritu dira, besteak beste.
Maialen Gomez eta Irati Salsamendi.Nagore Garmendia Azken urteotako oldarraldi erreakzionario edo faxistaren aurrean, zer paper jokatu behar du feminismoak?
Irati Salsamendi (I.S.): Azken urteetan ikusten ari garen oldarraldi hori ez da fenomeno isolatu bat; sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialistaren erreakzio antolatu bat da. Horren aurrean, uste dugu guk feminismotik gehitzeko daukaguna dela herri mugimendu eraldatzaile bat garela, eta planteamendu politiko jakin bat daukagula.
Maialen Gomez (M.G.): Eskubideen defentsaz gain, proposatzen duguna da bestelako gizarte eredu bat, bestelako mundu eredu bat. Oldarraldi hori erreakzio bat da eta guk jarraitzen dugu, txikitik handienera, proposamen politikoak gauzatzen eta antolatzen, horri erantzuna emateko.
Belaunaldi berriek feminismoa bizitzeko modu berriak ekarri dituzte?
I.S.: Itxura txarra edukiko luke honek, ez balitz diferentziarik ikusiko. Ez dira dena «arrosak eta krabelinak»; inportantea da ere bai autokritika egitea ematen dugun pauso bakoitzaren aurrean. Bai dago gazteen artean halako erreakzio atzerakoi bat, baina, era berean, ikusten dugu gazteek guk aurreko hamarkadetan egindako lanketa eta diskurtsoa oso barneratuta daukatela. Izan autodefentsaren inguruan, izan indarkeriari aurre egiteko orduan, izan klase irakurketa bat egiterako orduan.
M.G.: Baita ere, sexualitatea bizitzeko orduan, beraien identitate propioa eraikitzeko orduan, badago feminismoa bizitzeko beste modu bat. Badago arrasto bat, lanketa feministak utzi duena, baina ezin da ahaztu badagoela kontrako erreakzio bat, eta datuak daude. Batez ere, gizon gazteen partetik, bai ikusten dugula erreakzio negatibo, antifeminista bat. Baina, aldi berean, eman dira aurrerapausoak eta gazte asko oso potente datoz.
Feminismoaren kontrako diskurtsoak normalizatzen ari direla uste duzue? Non ikusi daitezke, gehienbat?
M.G.: Uste dut gero eta mezu esplizituagoak direla. Instituzioen eta eskuin muturraren onarpen esplizituak. Genero ideologiaren moduko kontzeptuek, uste dut, lortzen dutela feminismotik lortutako eskubideen aldarrikapen asko zalantzan jartzea.
I.S.: Sare sozialek eta komunikabideek hortan anpliflikazio lan handia egin dute, baita ere. Hau da betiko eztabaida: nola erabiltzen diren sare sozialak eta komunikabideak, zeri ematen zaion ahotsa eta zeri ez. Sare sozialen bitartez ere beste diskurtso batzuk zabaldu dira, eta gu kalean iritsi ez garen leku horietara iritsi dira.
«Genero ideologiaren moduko kontzeptuek
lortzen dute feminismotik lortutako eskubideen
aldarrikapen asko zalantzan jartzea»Maialen Gomez, Donostiako Bilgune Feministako kidea
Zer aliantza mota behar ditu gaur egun mugimendu feministak indartsuagoa izateko?
I.S.: Bai Donostian, baita Euskal Herrian ere, mugimendu feministak mende erdi baino gehiago dauka, eta beti izan da oso garrantzitsua aliantza desberdinak jostea. Guk egiten dugun irakurketa sistemikoa da pertsona bakoitzari zapalkuntza diferenteak gurutzatzen zaizkiola, eta aliantzak horren araberakoak izan behar direla.
M.G.: LGBTIQ+ mugimenduarekin aliantzak egitea ezinbestekoa ikusten dugu, pentsiodunekin eta mugimendu antirrazista ere gero eta antolatuagoa dagoela iruditzen zaigu, Donostian behintzat. Eta ez soilik batera borrokatzeko, baizik eta guk ere gure pribilegioak berrikusteko eta horren aurrean kargu hartzeko.
Nola landu daitezke aliantza horiek desadostasun politiko edo estrategikoak egonda ere?
M.G.: Pentsatu nahi dugu kontrako erreakzio horretan ere mailak eta mailak daudela. Euskal Herriko mugimendu feminista eta Bilgunea ez da inoiz egon gatazkaz libre; beti egon dira eztabaidak, postura diferentziak, irakurketa estruktural diferenteak… hor dago subjektuaren inguruko eztabaida, sexu lanaren ingurukoa… baina iruditzen zait beti izan dela mugimendu bat kontsentsuen bitartez funtzionatu duena.
I.S.: Inoiz ez diogu beldurrik eduki eztabaidatzeari, horrela egiten delako aurrera. Ez dauka inongo zentzurik, bestela. Eta nik, Irati moduan, pentsatzen dut badaudela eztabaida batzuk ezingo direnak sekula kontsentsu batera iritsi baina ez dut sinesten, ezta ere, zatiketan. Iruditzen zait aberasgarria dela eta puntu askotan aliantzak sortzea posible dela baina begi-bistatik galdu gabe zeintzuk diren etsaiak. Kristoren panorama daukagu aurrean; horren aurrean inteligenteak gara eta urteen poderioz ikasi dugu, batzuetan, aliantza batzuk nahitaez egin behar direla.
Zer da zuentzat, gaur egun, Martxoaren 8a: ospakizuna, aldarria ala borroka eguna?
I.S.: Hori lelo bat da, kasik. «Martxoak 8 ez da egun bat, egunero izan behar du Martxoak 8», gizona etortzea lore sorta batekin zure egunarengatik zoriontzera… beti aldarrikatu izan dugu borroka egun bat dela, beste edozein egun bezala, baina bada tresna bat kaleak hartzeko, diskurtsoa zabaltzeko, mobilizatzeko eta gure artean elkartzeko. Baina Bilgune Feministan ere jaien eta plazeraren inguruan lanketa politiko sakona egin dugu, eta uste dut hori ere ospatu behar dela. Izan behar dela lortutakoa ospatzeko egun bat.
Nola aldatu da Martxoaren 8aren esanahia azken urteotan?
M.G.: Greben urteetan, egun hori oso potentea izan zen, eta gauza oso potenteak lortu ditugu. Nik uste dut dela jendeak oso barneratuta daukan egun bat, mobilizazio egun bat, eta bakoitzak bere modura biziko du. Baina jendea kalera ateratzen da, mobilizatzen da.
«Inoiz ez diogu beldurrik eduki eztabaidatzeari,
horrela egiten delako aurrera; inportantea da autokritika egitea»Irati Salsamendi, Donostiako Bilgune Feministako kidea
Nola eraman daiteke feminismoa eguneroko praktiketara?
I.S.: Hasiko bagina zerrenda bat egiten, konturatuko ginateke gauza asko lortu direla, baina beste asko ez. Txikienetik hasita, irakurketa estrukturala den heinean, orain arte mugimendu feministak egin dituen lanketa eta aldarrikapen guztiak bezala, zaintza lanen inguruko iraulketa bat behar da. Zaintza lanak banatzea etxean, lan esparruan ere langile gisa zer egin daitekeen, espazio seguruak sortzea, inguruko emakumeak* antolatzea… mila gauza egin daitezke.
M.G.: Irakurketa estrukturala egitea ezinbestekoa da. Ikustea bakoitza nola gurutzatzen duen horrek eta bere posiziotik zer egin dezakeen eta zer egin beharko lukeen. Hausnartzea bere posizioak nola eragiten duen inguruan.
Nola planteatzen duzue zuek aurtengo Martxoaren 8a?
M.G.: Urtero, Bilguneak bere kabuz ateratzen du bere kanpaina, hiri eta herri guztietan koordinatzen gara. Donostian, adibidez, Donostiako Asanblada Feministaren barruan gaude eta hiriburu guztietan antolatu dira manifestazioak. Donostian, Antiguako tuneletik irtengo da 12:00etan, eta gauza dezente jorratzen ditugu irakurketan.
I.S.: Beti saiatzen gara gure aldarrikapenak bideratzen Donostian pasatzen ari den horretara: hiri ereduak eta prekaritateak nola eragiten digun eta abar. Mila gai daude lotu daitezkeenak Martxoaren 8arekin, eta gehienbat ikusita zein mugimendu geopolitiko dauden, nazioartekotasunera eta elkartasunera deitu nahi dugu.
Zein paper izan behar dute gizonek edo aliatu feministek egun honetan?
I.S.: Martxoaren 8an, urteko beste egun guztietan bezala, beren burua kokatzea. Hartzea ardura irakurketa egiteko, ikusteko nola dauden kokatuta munduan, zeintzuk diren dituzten pribilegioak, kuestionatzea beraien egunerokoan dituzten jarrerak eta kargu hartzea, bai beraiekiko, baita beraien ingurukoekiko ere.


